Gutako bakoitzaren 'ni' zurrunaz...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urzelai 2015ko eka. 12a, 00:00

Ez naiz ona hauteskundeetako emaitzak destripatzen, zaila suertatzen baitzait pertsonen motibazio sakonenak antzematea

Norbanakoaren barrualde sakon horrek izutu egiten nau sarri: izaki koldar, mesfidati eta uzkur bat ezkutatzen duela iruditzen zait. Zoritxarrez, hauteskundez hauteskunde berriztatzen zait inpresioa: otzan eta obedienteak gara. Edo masokistak.

Ez dago estatu bat lotsagabe eta okerrago kudeatzerik. Hala ere, batek daki zein mekanismok bultzatuta, PPk lortu ditu boto gehien estatuan. Gaitza ulertzen. Gurean ez dira gauzak ulerterrazagoak. Nafarroa birrindu egin du UPNk, ezelako disimulu barik, eta hor diraute; errenka, akaso, baina zutik. Maroto moduko pertsonaia makurrari eman dizkiote Gasteizko giltzak. Zer esan, berriz, patuaren maldizio dirudien PNVren gorakadaz? Jaio naizenetik alderdi jeltzalea baino ez dut ezagutu boterean, marka da gero!

Atez atekoaren inposizioa omen EH Bilduren jaitsieraren arrazoi nagusi. Baliteke. Harrigarria da nola zigortzen duen gizarteak norberaren zaborra kudeatzeko sistema baten bultzatzailea eta amen-amen esan dion, ostera, gutxi batzuen interesak lehenetsi eta gizarte eredu jakin bat inposatzen duen alderdiari. Askozaz eragin handiagoa du gu guztion etorkizunean ustelkeriak, AHTak edo politika neoliberalak, 5. edukiontziak baino.

Okerrak oker, ezkerreko kudeatzaileek gauzak ondo egin duten susmoa daukat. Askori, lehengoek utzitako zuloak estaltzea egokitu zaie udalerri askotan, eskuak lotuta dituztela jardun beharra. Jaso duten ordaina: zaplaztekoa! Esandakoa: beldurtu egiten naute norbanakoen barrunbeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak