"Be cool, my friend"

Erabiltzailearen aurpegia

Markel du izena. 39 urte ditu. Anbulatoriorantz doa.

Bizkarreko minez dabil. Balkoietan eskegitako zabor poltsa beltzei bota die begiratua. Berean ez du jarri, baina gustura esekiko luke berak ere. Kontu, ekologistatzat dauka bere burua. Maite ditu Pirinioak, mendiko arropak eta sinpatia die urrutiko itsasotan baleen alde dabiltzanei. Tarteka birziklatzen ditu paper eta kristalak, baina norbere kaka guztiak norberak kudeatu beharra askotxo iruditzen zaio, gehiegikeria hutsa! Arduratu dadila udala horretaz! 

Bidean El Diario Vasco erosi du. Euskalduna da, baina apenas kontsumitzen du ezer euskaraz. Ohitura faltagatik edo, gaitza egiten zaio euskaraz irakurtzea, neketsua. Musika edo zinema euskaldunik ere ez du kontsumitzen, baldarra iruditzen baitzaio. Gainera, ze demonio! Errealaren berri Diario Vasco-k ematen du ondoen. Ezkertiarra ere bada Markel. Solidarioa Hego Amerikako emantzipazio mugimenduekin eta sentibera Afrikako haur koitaduekin. Hala ere, mesfidantzaz behatu ditu anbulatorioan atzerritarrak, berari dagokion zerbait lapurtzera etorri balira bezala, horixe pentsatzen baitu isilpean: banpiroak lez zurrupatzen dituztela etorkinek gizarte-laguntzak. Doazela, ba, norbere herrietara, dedio! 

Egunkaria zabaldu du. Deskalabruak (politiko-ekonomiakoak) ez du amaierarik. Ez du ulertzen nola ez dauden kaleak sutan, nahiz eta, egia esan, berak ere ez duen protestetan parte hartzen. Utikan! Zertarako? Bilboko budista batek beste bi emakume hil dituela irakurri du. Hasperen egin du Markelek, emakumeen kontrako jazarpenak (fisiko, psikiko, ideologikoak) nazka ematen baitio. Hala ere, sarri erabiltzen ditu lagunartean "golfilla" eta "guarrilla" bezalako hitz inofentsiboak, gauza ezberdina baita matxote rola antzeztea eta matxista izatea. Gainontzean, txapela buruan daroala dabil munduan Markel, Basque Countryko beste biztanle cool bat delakoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.