"Estralurtarra"

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urzelai 2012ko eka. 15a, 02:00

Halaxe sentitzen naiz azken boladan...

... martzianoa banintz bezala, ez dut tutik ulertzen eta errealitatea arrotza zait. Agintari ezjakin eta maltzurrak burutik behera pixa egiten ari zaizkigu ditxosozko krisi-iruzur hau hasi zenetik eta euria ari duela diote lotsa izpirik gabe. 

Gu, berriz, haien botika pozoitsuak txintik esan gabe irentsi, eta bagoaz Manchester, Bucarest, Madrid edo Poloniara. Tropelean, euforia itsuak bultzatutako ardien gisan. Hemen Athletic eta Españan "la roja", baina finean, disparate berbera. Ez dut ulertzen nola mobilizatu daitezkeen milaka eta milaka borondate-ilusio-gogo-indar-diru futbolaren inguruan eta nola ez garen hortzak erakusteko kapaz asfixiatzen gaituztenei. Ez dut ulertu nahi. Inoizko dirutza publikorik handienak bideratu dira azken lau urteotan sare finantzario pribatua salbatzera. Haiek salbatzeko gu guztiok izorratu behar izan dugu. Baina, guk, Amen. Ez hori bakarrik, orain boteretsuen hizkuntza ulertezin berbera darabilgu ahotan: arrisku prima eta halakoak… Nola ez, egoera latz hau gure errua dela sinetsarazi digute eta! Gure ahalmenen gainetik bizi omen ginen… ja! 

Merke ateratzen da hemen bankari zeken eta txarra izatea: irabaziak norbere poltsikora eta galerak guztionera. Haiek hondoratzen badira gizarte osoa hondoratuko da, diote agintariek iruzurra justifikatzeko. 

Bistan da, kapitalista konbentzituenek ere sozialismoa besarkatzen dute komeni zaienean. Tira ba, behin besarkatzen hasita eman diezaiogun musu handi bat ezpainetan: nazionalizatu ditzagun banketxeak eta eraiki dezagun banku publiko indartsu bat. Ez, ordea. 

Haiek egindako zuloa estaltzen emango dugu bizia lehenengo, eta gero lehengo jabe berberei itzuliko dizkiegu banketxe jada saneatuak. Eta disimulurik gabe burutuko dute iruzurra, gainera, Llorenteren izterrei begira egongo baikara guztiok…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak