"Rearme' ideologikoa"

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urzelai 2012ko mai. 4a, 02:00

Agintariek itsuan hartu dituzten neurri ekonomikoek...

... martxa honetan, txikitu egingo gaituzte. Zorraren aitzakian hartutako murrizketa erabakiei buruz ari naiz, noski. Atzera hezkuntza, atzera ikerketa eta atzera osasun sistema publikoa. Zein etorkizun izan dezake, ordea, hezkuntzan inbertitzen ez duen herrialde batek? 

Krisiak beste zenbait kontu kezkagarri ere azaleratu ditu, dena den. Inpresioa daukat ideologikoki geneuzkan hutsuneak erakutsarazi dizkigula. 

 Lan eta langile-eskubideen alde borrokatu behar izan ez dugunok –45 urte bitartekook, alegia– ez dugu urteotan Gure Gauzak SA baino beste ezertaz arduratu behar izan. Zera esan nahi dut: ongizate gizartea –eskubide laboralak, justizia ekonomikoa– finkatuak zeudela gu lan munduan sartu ginenerako, eta, beraz, salbuespenak salbuespen, ez dugula kontu horien inguruko hausnarketa teoriko minimoenik ere egin. Tupustean aldatu egin dira gauzak, ordea: krisi latza bizi dugu, jada ez gara ondo bizi eta ongizate gizartea hautsi egin da. Gainera, infekzioa sortu duten berberak ari zaizkigu zein botika behar ditugun esaten. Kimioa, dio eskuin liberalak. Eta guk: Amen. 

Zergatik ordaindu behar ditu enpresariak langilearen oporrak? Zergatik ordaindu behar zaio kaleratutako langileari diru ordain bat? Joan den astean entzun nizkion galdera hauek ondoko gazte bati, tabernan. Zazpi bat lagun zeuzkan inguruan –30 urte, batez beste–, eta inork ez zuen txintik esan. Eta langileak ziren, ez pentsa bankariak zirenik gero! 

Ez dugu erantzunik horrelako astakeriatarako. Ideologikoki hustu egin gaituzte. Eskuin liberala egiten ari den txikikeria konprenitu egiten dugu, logikoa dela sinetsarazi digute. Ez baitakigu deusik sistema ekonomikoaz eta ideologiaz. Eta okerragoa dena, ez dugu jakin nahi, nahigo dugu orain ere futbol kontuetan endredatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak