"Publikotasunaren defentsa"

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urzelai 2011ko abe. 9a, 01:00

Ipar Amerikan zehar ari naiz bidaiatzen azken hiru hilabeteotan...

... eta hara, bizipen pertsonaletik haratago, zenbait gauza ere atera ditut dagoeneko garbian. 

1-Interes pribatuek deuseztatu nahi duten babes-sozial eredu europarra defenditu egin behar dugula nola edo hala. Bai, horretantxe ari direla iruditzen zait Los mercados definizioaren atzean ezkutatutako putre horiek guztiak; banketxeak, aseguru etxeak, eta abar: estatuen babes soziala murriztu nahian beraien produktuak (pentsio eta osasun aseguru pribatuak) saltzeko.
Ipar Amerika da eredu horren adibiderik garratzena, eta, aizue, nik ez dut nahi gurean horrelakorik, behintzat. Izan ere, harrigarria da hemen dagoen etxegabe eta gaixo kopurua kalean. Milaka eta milaka pertsona miseria gorrian, inolako estatu-babesik gabe. Negargarria da. Daukanarentzat diseinatutako mundua da hemengo hau. Brutala. Dirurik ez daukanak ez du eskola, medikuntza edo erretirorik. Hutsaren hurrengoa da. Azken urteotan asko jaitsi da Europan ere babes-soziala, baina oraindik orain gelditzen zaigu partzelatxo bat. Defendatu dezagun, bada, boteretsuenen hatzaparretatik. 

2-Bizimodua zentro komertzial handien inguruan eratzeak auzo eta herrien desertizazioa dakar. Hemen orain ari dira auzo bizitza errekuperatu nahian (erabat hilak eta hutsik baitaude), baina behin galduta, zaila da errekuperatzea. Ez ditzagun gringoen akats berberak egin. Denboraz gaude. Zaindu eta mimatu herria eta auzoa: herriko denda, bertako produktu eta auzokideen negozioak. Hemen dioten moduan: "Buy local, think local".

Honetan guzti honetan pentsatzen jarrita, zera okurritzen zait: ez nau Kubako eredua ezagutzeak ezkertiarrago egin, AEBetakoa bertatik bertara ikusteak baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak