Inork ikusten ez duen La2-en egin nuen nik topo dokumental zeharo gomendagarri batekin joan den astean.
Honelaxe zuen izenburua: Obsolescencia programada. Eta gaia, berriz, ondoko hau: erosten ditugun produktuek (sakelako telefono, ordenagailu, etxetresna elektriko…) daukaten bizitza motza.
Kontua zera da, hainbat fabrikatzailek iraungipen data zehatz bat itsasten dietela beren produktuei, guk, kontsumitzaileok, behin eta berriz dagokiguna egin dezagun; hau da, kontsumitu.
Ez hori bakarrik, hainbeste eta hain azkar kontsumitzen ditugunez produktuak, soberakinak nola tratatu jakin ez eta Afrikako lurretara bidaltzen dituzte patxada osoaz, gure kakek hango lurrak kutsatzen utziz.
Banioen, batzuetan badaude telebistan –inoiz ez Euskadiko katerik ikusienean, Tele5n– zenbait gauza interesgarri. Eta antzerkian. Eta liburuetan. Baina bilatu egin behar dira. Eta ikusi, entzun, irakurri.
Nago, edozelan ere, nahiago dugula gure begiak anormalentzako egindakoak diren programei begira jarri eta gauzotaz ahaztu eta ezjakinarena egitea.
Lelotzen ari gara, tximinoak bezala ematen dugu existentzia: Internet aurrean kanpaia joz. Beldurgarria gainera datorkigun mundua, aizue: inork gutxik deusik irakurri ez, eta, gainera, to, monoak programa idiotekin erabat narkotizatu.
Ez nuke ez hemendik 50 urteko munduan bizi nahi, ez horixe. Balego, behintzat, martxa honetan, bietako bat: edo mundua pikutara bidali du gure axolagabekeriak edo leloz betetako mundu jasanezina da gelditzen zaiguna. Uff…