Hasieratik jakitun izan ginen bazeudela hainbat eskoriatzar inolako graziarik egiten ez ziena guk ikurrina hura ipini izana, iaztik hona herriko plaza inguruan, eta bereziki udaletxeko balkoitik eskaintzen zaigun bandera akelarrea dela eta.
Inola ere, hitzetik hortzera dabiltzan garai berri hauetan, errespetu gehiago espero genuen, are gehiago, tarteko ikurrina izanda.
Baina, hara non, lehengo eta oraingo faxistek ohitura berdinak dituzte, eta beti, alderdi berdinen aurka.
Beste inola ezin izan zitekeen bezala, errugabetasun printzipioa gordez, zantzu guztiek pentsatzera garamatzate ekintza ezin izan zela Ynestrillas eta bere mutilena izan, 20-30 metro gorago bakean utzi zuten beste ikurrina bat baitago, eta aurrez aurre, bandera espainiarra ezkutatzen saiatzen den bandera nahaste-borraste bat, euretariko asko Eskoriatzan bizi direnen etorkinen sorterrietakoak, "España una y no cincuenta y una" oihukatzen duten horiei gehiegi gustatzen ez zaizkienak modukoak.
Dirudienez, arazoa ikurrina bere jaiotetxean egotea zen; hau da, euskotarren aberri luze eta zabalean barreiaturik dagoen batzokietariko batean.
Arazoa batzokia zen, eta ordezkatzen duena, eta ez bandera.
Nahiz eta daukagun benetako arazoa gure gizartean izaten jarraitzen dugun faxista mordoa den, harroxko gailentzen direnak helburu bakartzat kalean agurra kendu ez diezaioten hainbeste pasota eta hainbeste zuri eta motelen jarrera kolaborazionistaz baliatuz.
Ez dago Ynestrillas izan beharrik faxista izateko.
Metodo faxistak erabiltzen dituzten guztiak faxistak dira, espainiarrak izan, euskal herritar, alemaniar, italiar edo greziarrak izan.
Ziur nago, ordea, gertaera triste hauek tarteko izan arren, EAJ-PNVtik, gure ehun urtetako historian ezaugarritzat izan ditugun konpromisoen eskutik, sinisten dugun herri, gizarte eta aberriaren alde lanean jarraituko dugula.
Baina, hau da tristezia!, horrenbeste urte ondoren aurre egin beharreko lehenengo egoera faxismoa izan beharra, bertakoa bada ere…
----------
Aitor Urrutia
Eskoriatza