Sistema sozialak irizpide ekologikoak behar ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aimar Uribesalgo 2019ko urr. 23a, 10:07

Mundu mailako krisi ekologiko baten barneraturik gaudela esatea ez da gauza berria, eta gaiak orain hartu duen protagonismoa arbitrarioa da, hein batean.

Orain dela 50 urte ere nahikoa arrazoi zeuden gure oinarri biofisikoarekin dugun kontraesanarekin larritzeko eta hemendik 50 urtetara ere egongo dira. Kuantitatiboki gehitzen doazen sarraski ekologikoak eta horien inguruko borroka sozialak biderkatuz joan dira, modan jarri arte. Komunikabideek ere zerikusi handia dute, ziurrenik, lehentasun sozialen inguruko kezken hierarkia markatzen baitute, eta, bide batez, naturzaletasun akritiko bat bultzatu.

Azaleko erantzunak

Hala ere, hemen ez dago benetako erreakziorik. Aldaketa klimatikoaren gaiak duen dimentsioa eta ematen zaion perspektiba atentzio desbideratze bat besterik ez da. Huts egiten dabilena ez da gizartearen azaleko aspektu bat, baizik eta bere oinarrizko estruktura eta naturarekin dituen harremantzeko moduak. Krisi ekologikoa sortzen dabilen sistemak ez ditu bere oinarriak zalantzan jarri nahi, eta, horregatik, arazoa ikuspuntu estruktural batetik jorratu beharrean –kapitalaren balorizazio etengabeak dakarren hazkunde ekonomikoa naturaren jazarpenaren bidez–, azaleko erantzunen beharra aldarrikatzen da: politikarien borondatea, ingurumen hezkuntza, ingeniaritza mailako soluzio teknologikoak, ikerketa zientifikoen biderkatzea, etab. Konponbide teknokratak dira, sistemaren logika produktibistak sortzen dituen arazoak sistema aldatu gabe konpontzeko ilusioa zabalduz. Desastrea ekidin baino gehiago, desastrea kudeatzea da egiten dena. Horra hor zientziaren izenean ideologia; datu enpirikoen atzean, propaganda. Kontua da efektuetan gelditzea baino gehiago kausetara jotzea, nola ase gure beharrak autogestio kolektiboaren bidez. Berrikuntza teknologikoa baino gehiago, berrikuntza soziala behar dugu: boterea modu askoz horizontalagoan banatzeko sistema berri bat.

Krisi soziala oinarrian

Pragmatismoa eta utopismoa uztartu beharra daude, eta, krisi ekologikoa krisi sozialarekin lotuta dagoenez, bigarrena konpondu ezean errealitateari adabakiak ipintzen ibiliko gara. Zeintzuk diren erronkak? Zerrenda larregiko luzea izango litzateke, baina, zerbait esatearren, irizpide ekologikoak merkatu librearen logikaren gainetik jarri beharko lirateke, ekonomian gertatzen den inbertsio pribatuaren – enpresariek egiten dutena– gaineko erabakiak sozializatuz, aberatsak ezabatu eta gehiengoaren araberako jendarte eredua ezarriz; zer eta nola ekoizten dugunaren gaineko erabakia demokratizatuz, azken finean. Azken hori enpresarien interesen kontra doa zuzenean. Auzi ekologikoak badu erlaziorik klase borrokarekin eta sistema sozialaren auziarekin. Bestalde, sistema batek bere herritarren beharrak eta beraien ondorengoenak ase nahi baditu, jasangarria izan behar du. Sistema sozial bat epe luzera posible izan dadin, beraz, irizpide ekologikoak kontuan izan behar ditu. Hori guztiori ez da kapitalismoarekin bideragarria, kapitalismo berde bat ezinezkoa baita, eredu hori barne dinamika hedakor batek definitzen baitu, baliabide naturalak eta ingurumen espazioak etengabe ustiatuz.

Ingurumen hezkuntzaz

Eta konponbidea ez da erraza, sistema sozialaren auzia ez baita ingurumen hezkuntzarekin konponduko. Izan ere, ingurumen hezkuntzako adituek diotenaren kontrara, ez dut uste horren pisua handia duenik arazo ekologikoak errotik konpontzeko orduan. Hori zaila da, agian, hemen ikustea, gure bizi ereduak eragiten dituen ingurumen inpaktuak munduko beste toki batzuetara deslokalizatzen baititugu, eta gure aurrezki monetarioen zati handi bat beste herrialdeen kapital naturala agortzetik baitator. Ideien, balioen eta gaitasunen munduan eragiten du hezkuntzak, baina, ondoren, ikasleek beste ideia eta balio batzuen araberako mundu material batera moldatu behar dute: erlazio sozial konkretu batzuetara, non klase sozialen bidezko botere erlazio nabarmenak dauden eta merkatuak botere horien araberako dinamika itsua eramaten duen. Bide horretan natura suntsitzeaz gain, lan indarra saltzen dugunon alienazioa gertatzen da: ekonomiatik eta naturatik deskonektatutako izakiak gara. Ekosistemak suntsitzen dituen ekonomiak ingurumen hezkuntza integratzen du bere barnean. Kontraesankorra dirudi, eta horrela da, kapitalismoaren indarretako bat kontraesanak bere alde erabiltzen dituela baita. Kontraesan horren oinarrian, baina, guztiz koherentea den erlazio bat dago: ingurumen hezkuntzak bera elikatzen duen sistemaren konplizea izanik, muga nabarmenak ditu. Ekologiaren auzia ezin da ebatzi auzi soziala ebatzi gabe. Ekologia, beraz, kontu sozial bat da; politikoa, finean. Kolektibitatea berrasmatu beharra dago, eta oinarrizko balio sozialistak berreskuratu: berdintasuna, kooperazioa, komunitatea, horizontalitatea, zaintza, kultura politikoa… xelebrea badirudi ere, baita arrazoi ekologikoengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak