Hemengo sistema elkarrekikotasunean oinarrituta dago, eta hamabi estatu ez komunitarioekin bakarrik daude akordioak sinatuta.
Egia da Espainiako Estatuan elkarrekikotasunak aurrerapauso bat ekarri zuela. Lehen, atzerritar komunitarioek soilik zuten botoa emateko eskubidea. Baina, hala eta guztiz ere, funtsean, sistema diskriminatorioa da. Ez du kontuan hartzen bertan bizi diren atzerritar ez komunitarioen egoera konkretua, nongoak diren bakarrik. Askoz demokratikoagoa izango litzateke erresidentzian oinarritzea, Europako beste leku batzuetan egiten den antzera, hala nola Holandan, Suedian eta Danimarkan.
Nahiz eta oraindik hauteskunde errolda guztiz osatua ez egon, azken udal hauteskundeetako errolda kontuan hartuz, Euskal Autonomia Erkidegoan 5.335 atzerritar komunitario inguruk izango dute botoa emateko eskubidea, 1.227 Araban, 2.495 Bizkaian eta 1.813 Gipuzkoan.
Ez komunitarioen kasuan, elkarrekikotasun akordioak sinatu dituzten estatuetakoak sartuko dira hauteskunde erroldan: Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zeelanda Berria, Paraguai, Peru eta Trinidad eta Tobago. Baina kasu honetan, beraiek eskatu beharko dute izen-ematea, abenduaren 1etik datorren urteko urtarrilaren 15era bitarte. Jatorri horietakoek epe horren barruan joan beharko dute bizi diren udaletara izen ematera.
Badira urte batzuk Europako hainbat lekutan udal mailan demokraziaren eremua zabaltzearen aldeko joera dagoela, eta, boto eskubidea nazionalitatean oinarritu beharrean, erresidentzian oinarritzearen aldeko joera indartzen ari da. Bide hori jorratu behar dugu, Konstituzioaren 13.2 artikuluaren aldaketa eskatuta.