Gure Esku Dago taldekoek Mondragon Unibertsitateari eta bertaratutakoei eskerrak emanez hasi zen ekitaldia. Angelek Gure Esku Dago ren jatorriarekin hasi zuen saioa, Idiazabalen hasitako ekimen txikiaren, hau da, Nazioen Mundua ekimenaren berri ematen duen Gazta Zati Bat dokumentala Irlandaraino heldu izanaren erronka gogoratuz.
Irlanda bera jarri zuen gogora behin da berriz, demokraziaren eta ideologia ezberdinen arteko elkar ulertuaren adibide. Bertan, normaltasunez eta Erresuma Batuko legeen gainetik, are gehiago, arrazoi identitarioen gainetik eta autogobernu baldintza paregabean egonik ere, herri batek bere etorkizunaz erabakitzea normaltasunez ikusi delarik.
Politikoak eta legeak aurka izatea ez direla aitzakia esan zuen Oiarzabalek, elkarren artean ulertuko ezin garenaren ustea, pasibotasuna edota erabakitzeko eskubidea beste kontzeptu batzuekin nahastea direla benetako trabak eta jorratu beharreko erronkak. Izan ere, politikoak eta legeak gizartearen zerbitzura isladatzen diren instrumentuak direla gogoratu zuen, adibide garbiak jarriz.
Horregatik, gizartean erabakitzeko eskubidea normaltasunez ikusten denean eta kontzientzia pizten denean, politikak bere lana egingo duelakoan dago.
Era berean, Gure Esku Dagoren helburua Independentzia ez dela argi utzi zuen, erabakitzeko eskubidea gauzatuko duen agertoki hori baizik, hau da, helburu politiko ezberdinen artean normaltasunez aukeratzeko baldintzetara heltzea. Horretarako, herritarren kontzientziak aktibatzea eta klixe eta aurreiritzi asko gainetik kenduz, erabakitzeko eskubide kontzeptua lokatzetatik atera eta garbitzea du helburu Gure Esku Dagok.
Euskal Herritarron ongizatea bilatuz eta erabakitzeko eskubidea ariketa sano eta demokratikoa izanik, erabakitzen den horrek baino, erabakitze ariketa dela helburua azpimarratu zuen.
Bertaratutakoak oso pozik eta Angelek erakutsitako jarrera positiboaz jabetuta irten ginen, lanean jarraitzeko indarrez.