Lehenengo fase batean, «euskara familia bidez transmititzeak duen garrantzia gizarteratzea eta guraso euskaldunak sentsibilizatzea da xedea. Izan ere, hizkuntza baten normalizazio prozesuan erabateko garrantzia du familia bidezko transmisioak, horixe da-eta hizkuntza ikasteko modurik naturalena, aberatsena, eraginkorrena, errazena eta merkeena.
Guraso euskaldunek seme-alabei euskaraz egiten diete, baina gehiago erabiltzen da euskara seme-alabekin norberaren belaunaldi berekoekin baino (bikotekidearekin, anaia-arrebekin, lagunekin, lankideekin...). Kontuan izan behar dugu norberaren harreman-sare hurbileko, familiako eta lagunarteko hizkuntzak berealdiko eragina duela hizkuntza batean komunikatzeko gaitasunean, hizkuntza ohituretan eta portaeretan.
Gurasoak eredu dira heziketaren esparru gehienetan (ingurunea, elikadura, baloreak, ohitura osasungarriak…), eta euskararen erabileran ere eragin handia dute: familia transmisioak oinarrizko funtzioa betetzen du, gerora irakaskuntzak, lagunarteak, eskolaz kanpoko ekintzek, lanak, eta eguneroko bizimoduak, oro har, osatuko dutena.