Erakundeak azaldu duenez, narriadura kognitiboa —maiz garaiz antzematen ez diren gaixotasun neurodegeneratiboekin lotua— oharkabean pasatzen denean, ingurukoen pazientziarik eza, ezinegona, ulermen falta edo jarrera desegokiak areagotu daitezke. Egoera horiek, nahita ez bada ere, tratu txar psikologiko edo harremanezko bihur daitezke.
Horregatik, Arrasateko Nagusien Kontseilutik gizarteari eta familiei dei egiten die adineko pertsonen gaitasun kognitiboan gertatzen diren aldaketek sortzen dituzten beharrei arreta handiagoz erreparatzeko, eta errespetuan eta enpatian oinarritutako harremanak sustatzeko. Prebentzioak eta goiz detektatzeak funtsezko zeregina dute adinekoen bizi-kalitatea bermatzeko eta belaunaldien arteko loturak sendotzeko.
Kontseiluak adierazi du bere konpromisoa sendoa dela adineko pertsonen babesarekin eta duintasunarekin eta erakunde, profesional eta herritarrei eskatu die egoera honen aurrean kontzientzia handiagoz jarduteko.