Kontuan izan gaitzazue
Jakinekoa da gazte izatea zeinen zaila den; askorentzat umea besterik ez zara, baina helduen betebehar ugari ezartzen dizkizute. Asteburuan etxean ikasten geldituz gero, "antisoziala" deitzen dizute, eta etxetik ateraz gero "parrandazalea". Zeinen zaila den gazte izatea.
Gizarte honetan lan duin bat lortzeko, gaztetatik egin behar duzu gogor lan; beraz, adi ibili batxilergoa hautatzean, eta ez okurritu batxilergo artistikoa egitea, horrek ez baitu irtenbiderik. Hori izan zen DBH amaitzean gehien entzun nuen esaldia; niri, baina, bost. Horixe zen nik nahi nuena. Badira guk nahi dugun hori alde batera utzita, beharrezkoak direlako eginarazten dizkiguten beste lan batzuk ere: mekanografia, hizkuntzak, tituluak… Eta honen aurrean helduek ematen diguten gomendioa hauxe izaten da: "Gaztea zarenean atera itzazu!"
Noiz demontre atera behar ditugu ditxosozko tituluak? Gure egunak, helduenak bezala, hogeita lau ordu ditu: hauetatik zazpi eskolan pasatzen ditugu; beste bi eta erdi, gutxienez, ikasten edo lanak egiten; eta hori gutxi balitz bezala, egunero izaten ditugun eskolaz kanpoko jardueren orduak ere gehitu behar ditugu. Tamalez, ikasle askok ez dugu denbora askorik izaten, eta ikastetxetik atera eta autobusaren zain gaudela bazkaldu behar izaten dugu egunero, titulu madarikatu horiek ateratzeko.
Zoritxarrez, egoera hori sufritu behar izaten dugun ikasle askok hainbat arazo pairatzen ditugu, antsietatea edota estresa, adibidez. Baina, nork entzungo digu?Hezkuntza arduradunek ez dute hori ikusi nahi izaten, baina bai, hauxe da gutako askoren errealitatea.
Badirudi gure iritziak eta arazoak ez direla aintzat hartzen, eta, noizbehinka "Gure garaian, berdin aritzen ginen!" esaldia aurpegiratzen dizute, horrek dena konponduko balu bezala.
Hezkuntza sistema ez da aldatu, eta, dirudienez, ez da askorik aldatuko, baina gazteon esku dago borroka gogor hau errealitate bihurtzea, eta horrek izan behar du gure helburu.
Maddi Martin
Batxilergoko bigarren maila