Julen Barrutiaren mutilek bigarren postua sendotze aldera erabakigarria izan zitekeen garaipena eskuratzeko asmoarekin hartu zuten Getxo Mojategin baina, zoritxarrez, bizkaitarrek ezustekoa eman zuten. Denborarik gehiena Fadurakoak izan ziren markagailuan aurretik eta, lehenengo zati parekatuaren ostean, sarrailagileek pattal aritu ziren bigarrenean, markagailua ezin irauliz.
Lehenengo kolpea bisitariek eman zuten, 10. minutuan lortutako entseguarekin. 20. minutua bete baino lehen Haritz Ezpeletak lortutako entseguak eta Ohian Irasuegik gauzatutako transformazioak 7-5 aurretik jarri zuten talde arrasatearra. Etxekoen pozak, baina, ez zuen luzaroan iraun, lehenengo zatiko ordu erdia igarota Getxok arratsaldeko bigarren entsegua egin eta markagailua irauli egin baitzuen (7-12). Atsedenaldira joan aurretik Fadurakoek zigor kolpe bat zutoinen artera bidali zuten eta, modu honetan, 7-15eko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.
Bigarren zatian hobeto zelairatu ziren bizkaitarrak eta, bosgarren minuturako, errenta handituta zuten zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri batekin (7-18). Horrekin konformatu ez, eta bisitariek beste bi entsegu egin zituzten, markagailuan 7-31koa ezarriz norgehiagoka amaitzeko 10 minuturen faltan lehia ia erabakita utziz. Partidua amaitu baino lehen Kanpanzar Arrasatek beste bi entsegu egin zituen, Maren Jimenez eta Sergio Rosen eskutik, horietako bat Ibai Portalok transformatuz. Zoritxarrez, ordurako beranduegi zen eta norgehiagoka 19-31ko emaitzarekin amaitu zen.