Izan ere, Almenen historian mugarri garrantzitsuetako bat da 1974an lehenengo bertso-eskolaren sorrera bertan eman izana. Garai hartan martxan jarri zen taldearen lanak gerora gizartean nolako eragina izan duen ikusteak are bereziagoa egiten du.
Esan baitaiteke urte haietan, bertsogintzan, eta beraz euskal kulturaren
transmisioan, palanka lanak egin zituen ekimena sortu zutela Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Juanito Akizuk eta beraien lana bultzatzen eta aberasten asmatu zuten gurasoek. Gertaera horrek bete-betean islatzen du ikastolen izaera komunitarioa.
Hitzetik hortzera telebistako programak jaso zuen, bere momentuan gai honi buruzko erreportajea 2024an, eskolaren 50. urteurrena zela eta.
Talde hartako kide den Arantzazu Loidik ere ederki asmatu zuen ideia hori
bertso honetan islatzen, 2024ko Gipuzkoako Bertso Txapelketaren finalean txapeldunari txapela jartzean:
Zorionak Alaia,
nire miresmena
bertso-eskola danei
gure aitormena
eta joan zirenei
ere aipamena
noraino iritsi den
hasi zenutena.
Horri gehitu behar zaio, gainera, orain egun asko ez dela izan hil zela Juanito Akizu.
Ideia horiek guztiak bilduta argi ikusi dute Arizmendiko kideek, aurtengo Korrikan lekukoa eramatea bertso-eskola hartako kideei eskaini nahi zietela. Omenaldi xume eta maitakorra egiteko asmoz.