'Ta zer ez da berdin?' proiektuari arrakastaz amaiera Valentziarako diru-bilketarekin

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2024ko aza. 22a, 08:24

DBH 3ko Gaztelupeko ikasleok gure Valentziara, bizitza itzuli! kanpainan jaso dugun babesa eta berotasuna zuekin partekatu nahi ditugu. Zuen laguntzarik gabe, ekimen hau ez zen posible izango. Herriaren elkartasunari eta parte-hartzeari esker, DANA hondamendiak sortutako ondorioei aurre egiteko eta bertako herritarrei laguntzeko ekarpena egin ahal izan dugu.

Kanpaina hau Ta zer ez da berdin proiektuaren azken produktua izan da, herriaren ongizatea bultzatzeko. PROI-an zehar gizarteko egitura politikoak ikusten hasi ginen eta azkenean guk ere gizartean gobernutik eta beste hainbat eragileetatik haratago aktiboki eragin dezakegula konturatu gara. Valentziako egoera ikusirik, bertan eragiteko helburuarekin antolatu dugu kanpaina. Kanpainaren ekintza nagusia diru-bilketa izan da, pultserak, txapak eta txokolatea bizkotxoarekin salduz. Hasiera batean ilusio handiz ekin genion, baina onartu behar dugu zalantza ere bagenuela: nola erantzungo zuen Arrasateko herriak? Zuen babesa eta inplikazioa ikusita, ordea, argi dago zuen laguntzak gure indarra biderkatu duela.
 

Sentsibilizazio lana

Hala ere, aurreko albistean aipatu bezala, beste hainbat ekintza ere egin ditugu. Kanpainaren barruan, jendea sentsibilizatzeko eta arazoa hobeto ulertzeko helburuarekin, bertako irudiekin osatutako argazki erakusketa bat kokatu dugu, informazioa kalean zehar zabaldu dugu eta kontzientziazio saioak ere aurrera eraman ditugu Gazteluondo eta Arimazubi guneetan.
 
Horrez gain, arazoa salatzeko pankartak eta irudi inpaktanteak jarri ditugu, baita QR kodeak herrian zehar kokatu ere, herritarren arreta erakartzeko. Bukatzeko, egoera honi aurre egiteko lanean ari diren eragileen inguruko informazioa emateko eta egindako lana goraipatzeko kartelak eta pankartak kokatu ditugu.
 

Jasotakoa Valentziara

 Eskerrik asko, Arrasate, gure ahalegin hau babesteagatik eta gurekin batera kanpaina hau aurrera eramateagatik. Lortutako diru guztia Valentziara bideratuko dugu, bertako ingurumenaren eta komunitatearen susperraldian laguntzeko. Gure eskertza hurrengo bideo eta irudietan. Guztion artean, Ta zer ez da berdin galderari erantzun bat emateko bidean, urrats garrantzitsu bat eman dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak