Ez da gauza bera izan, egia da. Antolatzaileek jakin zutenean aurten ezin izango zela Ferixie ohiko moduan ospatu, plan alternatibo bat lantzen hasi ziren. Horrela, Jose Aranako profesional eta guraso talde bat sortu zuten. Proposamen batzuk jarri ziren mahai gainean. Hasteko, garrantzitsua zen Ferixa egunean irudi bat izatea. Horrela proposatu zioten Karmelo Oñati eskoitzarrari Ferixie irudikatzeko marrazki batzuk egitea, eta gainera, Eskoriatzako haurrek festan parte har zezaten, koloreztatzeko aukera izatea.
Bigarren ekintza Eskoriatzako Ferixie etxetik ospatzera gonbidatzeko bideo bat grabatzea izan zen. Bideo horretan Jose Aranako profesionalek eta familiek parte hartu zuten. Kolaborazio gehiago izan ziren. Oihana eta Haizea Aranak bertso batzuk abestu zituzten giroa berotzeko. Bideoa egiten Imanol Belokik parte hartu zuen, bere esperientzia eta sormena aprobetxatuz ikus-entzunezkoak egiten.
Erronka martxan zegoen. Jendeak Eskoriatzako Azokaz etxetik gozatzea besterik ez zen geratzen: baserritarrez janztea, txorimaloa egitea, taloa prestatzea eta ospakizuneko argazkiak edo bideoak bidaltzea.
Eta horrela izan zen. Larunbatean, Eskoriatzako Azokaren egunean, txistulariak kalera atera ziren. Festaren soinua zen, Ferixaren soinua. Jose Aranakoen gonbidapenari emandako erantzuna eta parte hartzea ikaragarria izan zen. Argazki eta grabazio pila bat jaso dituzte, eskoitzarrek herriko agendan egun garrantzitsu honi dioten maitasuna islatuz.