Elkartasuna da Arizmendi Ikastolaren erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2020ko api. 21a, 19:28

Arizmendi Komunitatea sortu dute Arizmendi Ikastola osatzen dutenek sortutako materiala elkarbanatzeko. Ikastolatik jasotzea eta Ikastolari ematea da helburua. Komunitatearen berri emateko kantu bat sortu dute, hori ere elkarlanean.

Etxealdi honetan sorkuntza giltzarri ari da izaten konfinamendua arintzeko. Aisia sortzen igarotzen dute askok eta askok: izan musika, sukaldaritza, irakurketa... edukia sortzen edo edukia kontsumitzen. Denbora libre horretan gozatzeko bide sorkuntzan topatu dute gehienok.

Arizmendi Ikastolan beti sustatu den esparruetako bat da sormena eta kasu honetan ere, hala izan da. Sormenari bide eman nahi izan zaio eta elkartasuna ezinbestekoa dela erakutsi digun krisialdi honi, elkartasun keinu eder batekin ari da erantzuten Arizmendi Ikastola.

Sorkuntza lanak partekatzeko espazio bat sortu dute: Arizmendi Komunitatea. Horren berri emateko kantu bat sortu dute, taldean: Alkar hartu ta emanez.

Komunitatean musikak ez ezik, beste hamaika edukik dute lekua, guztiak Arizmendiko hezkuntza-komunitatea osatzen dutenek egindakoak. Guztira 7 ataletan banatu dituzte edukiak:

  • 1. Agurrak eta bizipenak: Mezuak partekatzeko gunea da; zorion agurrak, esaterako.
  • 2. Sukaldean: Errezetak partekatzeko txokoa.
  • 3. Musika eta dantza: Bideoklipak, abestiak... etxealdiari erritmoa emateko txokoa.
  • 4. Erronkak: Desafioak proposatu eta horiek gauzatzen saiatzeko gunea.
  • 5. Zuzeneko emanaldiak: Zuzeneko saioak komunitatearekin partekatzeko aukera!
  • 6. Umorea: Positibismoak on egingo digunez, txisteak, bakarrizketak... bilduko dituen atala!
  • 7. Sorkuntza: Marrazketak, ipuinak... batuko dituen lekua!


Zazpi atal horietako materiala eskuratzeko Arizmendi Komunitatera jo beharko da: www.arizmendi.eus/eu/arizmendi-komunitatea. Esteka horretan topatuko duzu arestian aipatutako edukia, dagoeneko sortu dena eta aurrerantzean sortuko dena. Etengabe elikatzen joango den txokoa da komunitatea.

Sorkuntza elkarbanatzeaz harago, elkar gehiago ezagutzeko eta elkarren berri izateko ere balio du ekimenak; elkar elikatuz harremanak sendotzeko. Ekimenaren leloak dion moduan: Hartu eta emanez, Arizmendi batuz!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak