EYP ekimena gazteak modu kritiko eta independentean pentsatzera, ideiak ordenatzera eta ideiak defendatzeko arrazoiak eta argudioak jendaurrean azaltzera animatzea helburu duen ekimena da, eta hori guztia, betiere ingelesez.
EYPren saioek hiru zati izan ohi dituzte: talde lana (Teambuilding), Komite lana (Committee Work) eta Batzar Nagusia (General Assembly). Ekitaldietako epaimahaiek hizkuntzaren erabilera eta proposatzen diren gaien ezagutza politikoak baloratzen dituzte. Parte-hartzaileen lankidetza- eta errespetu-espiritua ere behatu eta baloratzen diren alderdiak izaten dira.
Bartzelonan egon ahal izateko, aurretik EYP eskualdeetako saioetan parte hartu zuten Gasteizen otsailaren 14tik 16ra, Kattalin Linazisoro, Amaia Rivera eta Maddi Urkiarekin batera, guztiak Almeneko batxilergoko ikasleak. Saio horietan Mireia Muruamendiaraz irakaslearen laguntza izan zuten. Eztabaidetan lege proposamenak defendatu behar izan zituzten, edo beste batzuen proposamenen kontrako argudioekin erantzun. Asteburu osoan zehar beste 5 ikastetxetako ikasleekin elkarlanean aritu ziren.
"Interesgarria parte hartzea"
Gasteizen bizitako esperientzia eta EYPren edizio honetan parte hartzera bultzatu zituen arrazoiak kontatu dizkigute: "Interesgarria iruditu zitzaigun zenbait gaien inguruan eztabaidatzeko eta proposamenak bilatzeko aukera ematen zigulako".
Aste bukaera nola joan den galdetzerakoan zera erantzun dute: "Ostiralean talde jolasak egin genituen. Talde jolas eta dinamikak egin genituen. Nire komitearen gaia, esate baterako, terrorismoaren ingurukoa zen. Egia esan, jolas ezberdin eta originalak egin genituen. Arratsalde dibertigarria izan zen. Larunbatean, berriz ere taldetan, gure gaia lantzen aritu ginen, proposamenak sortzen eta argudioak lantzen. Igandean eztabaidarako momentua heldu zen. Talde guztiak elkartu finen gai ezberdinez jarduteko".
Giro konpetitiboa
Bizitako esperientziaren inguruan pozik agertu dira: "Euskadiko ikastetxeetako ikasle mordoa ezagutzeko aukera izan dugu. Guztira 5 ikastetxeetatik hartu dugu parte Gasteizko EYP edizio honetan. Jende ezberdina, ideia anitzekoak eta benetan argiak. Bikaina izan da jende hau ezagutzea eta elkarrekin proposamenak sortzea".
Beraien burua hurrengo fasean ikusten duten esaterakoan zera diote: "Ez daukagu garbi. Oso giro konpetitiboa egon da. Bertara joateko gogotsu gaude baina zaila ikusten dugu, oso lan onak ikusi genituen". Esperientzia berriz biziko luketela adierazi zuten batxilergoko ikasleak.