Musakola 1900-2019
Asko aldatu da Musakola auzoa azken mende honetan. Aste bukaeran San Isidroak direla eta, enkargu berezia jaso dute Arizmendi ikastolako Santa Teresa gunekoek auzoko alkatetza taldearen eskutik: bilakaera hau auzokideei aurkeztea (etxebizitza motak, lan desberdinak, hizkuntza, familiak ..).
Azken aste hauetan buru-belarri eta ilusioz ibili dira Santa Teresako ikasleak enkargua lantzen. Hiru alderditan banatu da lana:
• Musakolako astoa: Zergatik da astoa jaietako maskota? Ze lotura du auzoarekin?
• Garai bateko baserriak eta gaur eguneko baserriak. Musakola baserri-auzoa zela kontuan hartuta honen bilakaera.
• Garai desberdinen bilakaera: hiru garai desberdinetan banatu dute lana: 1900-1945, 1945-1980 eta 1980tik gaur arte.
Astoaren inguruko lana HHkoek egin dute. Musakola eta astoaren lotura azaltzeko liburu erraldoi bat sortu dute: argazkiak, testua... guztia beraiek egindakoa.
Baserrien bilakaera LHko 1. ziklokoen esku geratu da. Maketa baten bitartez baserrietako animaliak, tresneria, soroetan landatzen ziren produktuak, bizimodua... islatu dute.
Azkenik, garai desberdinetako maketak LHko 2. ziklokoen ardura izan da. Garai bakoitzeko sektorearen garrantzia, auzoan emandako aldaketak, etxebizitza motak, garaiko migrazioa eta euskararen egoera izan dira, beste batzuen artean, landu dituzten gaiak.
Orain, egindako lana aurkezteko momentua heldu da. Ostiralean, ohi bezala, goizeko 11:00etan danborrada ospatuko dute Santa Teresako patioan. Bertan izango dira ikasle, familia eta baita auzoko alkatetza taldea ere. 10:30etatik aurrera ikusgai egongo dira egindako lan guztiak Santa Teresan bertan. Gero, eguraldiak laguntzen badu, danborrada auzoan zehar abiatuko da eta erakusketa ere auzora jaitsiko da auzokideek ikusi ahal izateko eta eman beharreko azalpenak emateko.
Proiektu hau aurrera ateratzeko pertsona asko ibili dira laguntzen, hala nola:
- • Eukene Mondragon: Santa Teresako irakasle ohia.
- • Altzibar baserriko familia.
- • Sagrario: 1900-1945 garaia irudikatzen lagundu duena.
- • Oliva Mateos: 1960. hamarkadan etorria eta aldaketak bizi izan zituen 5. mailako ikaslearen amama.
- • Karmele Zubillaga: bertako komertzio txiki bateko langilea.
- • Marta Lera: bertako merkatal gune handi bateko langilea.