Horretarako urteroko perretxiko txapelketa jarri dute abian ikastolako antolatzaileek. Ekimen honen helburu nagusiak dira ikasleengan zaletasuna sustatzea eta Euskal Herriko ekosistema ezagutzea eta errespetatzea.
Taldean aurkeztu behar dira ahalik eta espezie gehien
Lehiaketan hamar eta hamabost urte bitarteko edozein ikasle-taldek har dezake parte, taldeari izen botanikoa emanez eta aurkezpena nahi duten moduan eginez: saskietan, kaxetan, platerean….. Antolatzaileek erakusketa behar bezala atontzeko mahaiak jarriko dituzte plazan. Parte-hartzaileek, gainera, kontuan izan beharko dute honako baldintza hauek: goroldioa eta gorostia ezingo dutela erabili apaingarritzat eta espezi bakoitzeko bizpahiru ale baino gehiago ezingo dutela jarri, besteak beste.
Sari-banaketa 14:00etan
Hiru sari banatuko dira, eta epaimahaiak kontuan hartuko du ahalik eta espezie gehien agertzea eta sortaren kalitatea. Epai lanetan Tomas Zubillaga perretxiko zalea eta aditua arituko da, eta sari-banaketa 14:00etan izango da.
Goiza alaitzeko askotariko ekintzak
Eguna girotzeko, ohi denez, hainbat artisau postu egongo da eta marrazki lehiaketan aurkeztu diren lanak ikusgai izango dira. Batxilergoko ikasleek ikasbidairako dirua jasotzeko perretxiko pintxoen txosna jarriko dute eta DBHko trikitilari talde baten doinuek alaituko dute goiza.
Ikastolan nola bideratzen dute Perretxiko Eguna?
Ikastolan, Arrasaten zein Eskoriatzan, DBHko lehenengo mailan Zientzia tailerra duten ikasleak gai honen inguruan aritu dira azken asteotan, eta ostiralean mendira aterako dira perretxikotan. Larunbatean senitartekoen laguntzarekin beste mendi buelta bat eginez igandean aurkeztuko duten otarra osatuko dute. Hogei-bat taldek hartuko dute parte, 100 ikasle inguruk.
Iazko argazkiak