Osasunean eraikinek zer eragin daukaten aztertuko da XXI. Mendeko Etxebizitzen Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2015ko mai. 7a, 12:09

Aurten, XXI. Mendeko Etxebizitzen IX. Jardunaldietan, eraikuntza eta osasuna izango dira hizpide, eta hitzaldiak ez ezik, ikastaro bat ere emango da. Izan ere, karezko mortairuak erabilita, etxola bat eraikitzen ikasteko ikastaroa antolatu dute.

Maiatzaren 22an egingo dira, Arizmendi Ikastolaren Lanbide Heziketak antolatuta, XXI. Mendeko Etxebizitzen jardunaldiak Kulturaten (Arrasate) 09:00etatik 14:00etara. Bederatzigarren aldi honetan berrikuntzarik egongo da, izan ere, karezko mortairuei buruzko ikastaro batekin osatuko dituzte jardunaldiak. Aurreko urteetan bezala, eraikuntzaren sektorean aritzen direnenei ez ezik, gainerako interesatuei ere zuzenduta daude.

 

Eraikuntza eta osasuna, aurtengo gaia; karezko mortairuen ikastaroa, aurtengo berrikuntza

Bioeraikuntzari buruz jardungo dira, aurten, XXI. Mendeko Etxebizitzen IX. Jardunaldietan zortzi hizlari. Bioeraikuntzaren baitan, eraikuntzen kalitateak osasunean nola eragiten duen izango dute hizpide gai horretan aditu diren profesionalek, hain zuzen. Baina horretaz gain, aurten, ikastaro praktiko bat ere egingo da. Aurreko egunean, ikastolaren Umezaintzako gunean lastozko etxola bat eraikikodute EKOKALEAK lehiaketan parte hartu duten estatu mailako eraikuntzako ikasleek eta jardunaldien osteko egunean, larunbatean, etxolari akabera emango zaio, karezko mortairuak erabiliz. Ostiraleko jardunaldietan hizpide izango dute jarduera praktiko hori.

 

Bost hitzaldi izango dira, eta hizlarien arteko bi, alemaniarrak

Zortzi aditu bost hitzalditan hizlari, eta honakoak gaiak: Etxebizitzaren eragina osasunean (Amaia Iriarte, medikua), Bioeraikuntzako balore osasungarriak eta neurketa metodologia (Mikel Martinez eta Aitor Axpe, arkitektoak eta neurtzaileak), Eraikuntza ez jasangarriaren kostea (Ana Belen De Isla, LKSeko arkitektoa), Akabera naturalaren abantailak pertsonaren osasunean (Paloma Folache eta Alfonso Zavala, bioeraikuntzan adituak), Autoeraikuntza jasangarria. Nola eraiki etxe jasangarria legea betez (Petra Jebens eta Alfred Zirkel, bioeraikuntzan adituak). Azkeneko bi horiek Alemaniatik etorriko diren adituak dira bioeraikuntzan. Jardunaldietako atseden aurretik EKOKALEAK lehiaketaren sari banaketa egingo da. Estatu mailako ikastexteetatik etorritako gazteak bertan egongo dira

 

Umezaintzako etxola: eraikuntzan trebatzeko eta haurrek biltegia izateko

Bide batez bi mandatu egingo dira, hortaz. Arizmendi Ikastolaren Umezaintzako guneak (Haur Hezkuntzakoa) negutegia eta ortua ditu, eta horregatik aukeratu da gune hori, apropos, etxola eraikitzeko. Biltegi faltan, oso ondo datorkie lan-tresnak gordetzeko. Era horretan, Arizmendi Ikastolaren beste egiteko bat ere betetzen da, etapen arteko lankidetza, alegia. Kasu honetan, gainera, ikastolako nagusienak txikienekin. Ostegunean, maiatzaren 21ean, egingo da beraz, lehenengo zatia eraikuntzako ikasleen eskutik, haurrek beraiek buztinarekin paretak osatuz, eta larunbatean, maiatzaren 23an, Umezaintzan bertan azken lanak egingo dituzte, etxolaren amaiera emanez karezko mortairuak erabilita.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak