Iñaki Etxezarreta LOMCE legeaz Aretxabaletako ikastetxe eta unibertsitateko ordezkariekin.

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2014ko abe. 10a, 18:08

Martitzenean, hilak 9, Aretxabaletako Udalak antolatuta, ARKUPE kultur etxean, mahai-ingurua egin zen LOMCEk zertan eragiten duen aztertzeko eta horren aurrean udalerriko ikastetxeek aurreikusten duten jokabidea adierazteko.

Iñigo Louvelli zinegotziaren moderaziopean, Marian Bilbatua HUHEZIko irakaslea, Mikel Uribarren Kurtzebarri LHko irakaslea, Angela Aguado Kurtzebarri BHko zuzendaria eta J. Iñaki Etxezarreta Arizmendi ikastolako zuzendaria aritu ziren.

 

Marian Bilbatuak LOMCEren azterketa egin zuen Kalitatearen ikuspegitik eta Lege onetsi berriaren alde atzerakoiak seinalatu zituen: ekitateari egiten dion erasoa, ikasle bereizketa eta  horien arteko lehiarena, eta ebaluazio-froga desberdinen intentzio homogeneizatzailea, besteak beste.

 

Segidan, J. Iñaki Etxezarretak LOMCE aztertu zuen beste ikuspegi batetik. Hain zuzen, Espainiako eta Frantziako estatuek azken ehun eta berrogeita hamar urte luzeetan zehar izan duten izaera menperatzailea, ideologikoa eta pedagogikoa azpimarratu zuen. Horretarako, hainbat grafiko eta laburpen erabili zituen. Espainiako estatuak une honetan duen porrota frogatzeko, daturik esanguratsuenak eskaini zituen J. Iñakik. LOMCEk porrot horri aurre egin nahi diola zioen, eta parean jarri zituen Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako datuak, estaturik datu onenen adierazle. Eta horien artean, ikastolaren datu bikainak erakutsi zituen. Azkenean, Ikastola ereduaren ibilbide historikoari eutsi behar zitzaiola seinalatu zuen, hots, ikaslea interesen erdian jartzea, innobazioarekin jarraitzea eta hezkuntza euskaldun  propioa eraikitzen segitzea.

 

Ondoren, Kurtzebarriko bi ordezkariak mintzatu ziren, LOMCEren aurrean intsumisioa praktikatu behar zela esanez  Mikel Uribarrenak, eta datozen aldaketek benetan zertan eragingo duten ezin dela aurreikusi eta behin argi ikusi eta gero erantzun aproposak ematen saiatuko zirela adieraziz Angela Aguadok. Publikotasunean indarra jarri zuten eta Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Heziberri 2020 egitasmoaren aurrean beren kritika agertu zuten, LOMCEren jarraipen hutsa delakoan.

 

Bukatzeko, mahaikideen eta bertaratu zirenen arteko kontrastea egin zen.        

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak