Proiektu horren baitan dago, alde batetik, hezkuntza formalari dagokionez hainbat ikasgaitan gaia aztertzea hala nola, arte hezkuntza, gaztelera eta euskaran, eta bestetik, gelatik kanpo atera eta dantza eta musikarekin bat eginez koreografia bat prestatzea. Aste osoko arratsaldeak proiekturako ematen dute.
Arizmendi Ikastola Konfiantzaren Pedagogiaren baitan ari da lanean azken urteotan, eta Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara urratsa eman du dagoeneko. Dantzagela proiektuak pedagogia horren oinarrietako bati erantzuten dio bete-betean, izan ere, adin tarteak nahastea du xedeetako bat, eta horregatik arituko dira bi ikasmaila elkarrekin. Iazkoaren aldean, berrikuntza bat da honako hau.
Aste honetan ikastolak Arrasaten dituen Lehen Hezkuntzako hiru guneetan egongo dira Dantzaz Konpainiakoak eta datorren astean, Eskoriatzan, Almenen. Aste honetako emaitza azaroaren 21ean, ostiralean, ikusi ahal izango da hiru gunetan (Arimazubin, Santa Teresan eta Gazteluondon).
Iaz hasi zuten elkarrekin bidea Dantzaz Konpainiak eta Arizmendi Ikastolak esperientzia pilotu bat martxan jarriz, Dantzagela proiektua, hain zuzen. Ikasturte amaieran egindako hausnarketan bi aldeetako arduradunek proiektua arrakastatsua izan zela ondorioztatu zuten, ikasleak, irakasleak zein proiektua diseinatu zutenak oso gustura ibili baitziren.