Bertan gure herrikidea den Ino Galparsoro izango da epaitua. Aski ezaguna da Ino Arrasaten, egunerokoan nahiz garai ezberdinetan senide, lagun, herritar, lankide, militante, zinegotzi edota alkate bezala. Eta azken eginbehar honetan, 2008an, arrasatearron harridura eta saminerako, kartzelaratua izan zen. Arrasaten eta oro har Euskal Herrian, gaur egungoarekin alderatuz, eta itxura baten, garai zailagoak ziren, ikuspegi batetik gatazkatsuagoak, eta Inoren kartzelaratze horrekin Espainiar Estatuaren ahultasun eta mendeku gosea ikusi ahal izan genuen.
Beste askorentzat bezala eta beste bizipen batzuk gutxiesteko asmorik gabe, Inorekin batera Arrasateko Udaleko gobernu taldeko kide izan ginenontzat kolpe benetan gogorra izan zen. Politikoki nahiz emozionalki muturreko egoera baten aurkitu ginen, pertsona, lagun, alkate eta lankide bezala suposatzen zuen guztiagatik.
Hiru hilabetez, bizi genuen gatazkaren trukerako txanpon mediatiko eta morala izan zen Ino. Horrelako mugimenduekin lasaitu eta lasaitzen jarraitzen ditu Espainiar Estatuak bere tresneria polizial, judizial eta azken finean politikoen bitartez, euskal gatazkaren alde bateko kaltetu, edozein aurrerapenen aurrean aztoratzen diren gatazkaren onuradun makur, edota dagoeneko besterik ikusteko itsutuegi dauden zenbait norbanako eta kolektibo.
Eta parez pare datorkigun epaiketa berri honekin 2008an gaudenaren sentsazioa datorkigu, duela hilabete batzuk Euskal Herriko tabernekin edota azken asteotan Askapenaren aurkako epaiketarekin bizi izan dugun bezala.
Aurretik esandakoarekin jarraituz, duela urte batzuk garai ilunagoa bizi genuen, baina, egia esan, epaiketa hauek, eta oro har Espainiar Estatuak euskal gatazkaren konponbidearen aurka egiten dituen mugimenduek, askatzeke daukagun korapiloa bere horretan uzteko interesa baduenik frogatzen dute.
Euskal Herritik etorri dira azken urteotan konponbidera begirako jarrera eta urratsak, baina Espainiatik, tamalez, atzerapauso eta soka tenkatze saiakerak besterik ez.
Hala ere, laino ilunak eta ekaitza nahiago dutenei hobekien dakigunarekin erantzuteko deia egin nahi diogu Arrasateko herriari: abuztuan zoritxarrez joan zitzaigun Patxi Arburua taldekide eta lagunaren izaeraren isla fidela den inurri-lanarekin, eta maite ditugunak zainduz.
Hauek dira 2008an Inok jasotako babesaren osagaiak, eta hauek dira gaur egun ere korapiloa askatzeko beharrezko lanabesak.
----------
Oihana Aranburu, Yolanda Perez de Arenaza, Izadi Mondragon, Juan Mari Sampedro eta Arkaitz Biain
Arrasate