Bullying kasuak erdira jaitsi dira KiVa programa martxan dugun ikastoletan

Erabiltzailearen aurpegia Aranzadi Ikastola 2018ko api. 18a, 08:15

Biktima eta lekukoak ahalduntzen dituen KiVa metodo finlandiarra lantzen hasi ziren lehen 53 ikastolen ebaluazioa egin du Ikastolen Elkarteak: eskola-jazarpena %47,3 jaistea lortu dute. Arreta biktiman edota erasotzailean bakarrik jarri beharrean, talde osoa gidatzen duten arauak aldatzea da metodoaren oinarria.

Baina zuhurtziaz mintzo gara ikastolak: batetik, oraindik %10 ingurukoa delako jazarpena; bestetik, datu gehiago etorriko direlako ikasturte honen amaieran: 53 ikastetxe horiei iaz gehitu zitzaizkien hamarren emaitzak ere hartuko ditugu kontuan, guztira 63 ikastetxe eta 22.000 ikasle. Hamar horien artean dago Aranzadi Ikastola.

Begirada aldatu dugun ikasle-irakasleak

Abiapuntua oso ona da eta aldaketa nabaritzen dugu. “Irakasleok, alde batetik, beste betaurreko batzuekin ikusten dugu gaia, formazioa jaso dugulako. Bestetik, ikasleen artean ere aldaketa handia ematen ari da. Hainbat kasutan lortzen ari gara eurak etortzea gatazka bat dagoenean, zuzenean irakasleengana, tutoreengana edo KiVa Taldekoengana, edo posta elektroniko bidez gatazkaren berri emanez. Hori da lortu nahi duguna, ikasleak aldatzea, eurek laguntzea eta ezin badute laguntza bila etortzea”.

Izan ere, ikasleak nolabait ahaldundu egin dira eskola-jazarpenaren aurka. Prebentzioa eta esku-hartzea dira gako nagusiak, eta gertatzen denaren lekuko direnengan edota barre egiten dutenengan eragitea. Sarri, “isiltasunaren legeak” edo erasotzailearenganako konplizitate horrek ahalbidetzen baitu jazarpena. Lekukoen jarrera aldatzea da asmoa, taldeak duen indarraz jabetzea, eta biktimarekin enpatizatuz, hura lagunduz eta defendatuz, erasotzaileari aurre egitea. Gurasoen esku-hartzea da orain garatu nahi dugun puntu nagusietakoa.

Harreman-arazo ala bullying?

Sarritan zailtasuna dago identifikatzeko noiz den harreman arazo bat eta noiz dagoen bullyinga. Kasu batzuk oso argiak dira, baina beste batzuk lausoak. Hala ere, zalantzaren aurrean, esku hartu egiten dugu; esku-hartzea konpromiso bat hartzea baita.

KiVa DBHn ere… eta Haur Hezkuntzan?

Lehen Hezkuntzatik DBHra salto egitea da hurrengo erronka. Datorren ikasturtean, ikastola guztietan jarriko dugu martxan DBH1en, eta 2019rako prest izango ditugu DBH2 eta DBH3rako materialak. Akaso, Haur Hezkuntzan ere planteatu beharko dugun erronka da.

Gaiaz gehiago: Johanna Alanen: "Bullyinga denen ardura dela ulertzen dute ikasleek"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak