Aurtengo urtea berritzailea eta aldi berean nahasmen handikoa izan da telebistako ekoizle zein ikusleentzat, Lurreko Telebista Digitalaren etorrerak ekarri baitu testuinguru desegonkorra. Desegonkorra diogu, berriz ere teknologiak ustekabean harrapatu duelako telebistagintza.
Seinalearen digitalizazioa eman da, eta horrekin, telebista kateen ugaritzea. Oso ondo. Baina zer ekoitziko dugu? Norentzat? Nondik aterako dugu dirua horretarako?
Programazio-taulak laukoiztu dira eta parrilak ezin bete dabiltza telebista espainol eta autonomikoak. Horren ondorio zuzen-zuzena da behin eta berriz izenez aldatzen diren telebista kate berriez eta hamaika bider ikusi ditugun teleserieez josita aurkitzea telebista eskaintza.
Argi dago kantitatea eta kalitatea ez direla ezaugarri parekideak; are gehiago, teknologia berritasunak ez du ekarri kalitatean hobetzea.
Kalitatea, hala ere, eztabaidatzeko hizpide izango dugu aurrerago.