Pozgarria da hori. Gainera, badirudi euskarazko fikzioari lehentasuna eman nahi diotela, euskarazko edukia gaztelerazkoa baino lehenago publikatuz. Hori ere pozgarria litzateke, benetan lehentasuna euskarari emango baliote. Ez da hain pozgarria, aldiz, bertan gazteleraz ekoiztea eta gero euskaratzea, alderantziz izan beharrean. Hori da, hain zuzen, Touré detektibea-ren kasua. Euskaraz publikatu zuten Primeran plataforman eta gazteleraz aurrerago ikusi ahalko da, baina, euskarazkoa ikusi nahi bada, euskal aktore ezagunak bikoiztuta eta beraiena ez den ahotsarekin ikusi eta entzungo dira. Hori ulertzen ez ditugun hizkuntzetan ohikoa da, baina Hego Euskal Herriko euskaldun guztiok gazteleraz ere badakigu.
Baldintza horietan zenbatek ikusiko dute euskaraz? Hori onartzea euskararen aldeko apustua egitea da? Ez ote da beraien burua zuritzea? Euskaraz grabatutako fikzioan inbertitu beharko litzateke dirua, eta gero gainerako hizkuntzetara itzuli, eta ez alderantziz; euskararen alde egin nahi bada, behintzat.