Lehiakideen botak eta Laborda anaiak

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2025ko mai. 12a, 11:09

Euskaldunontzat, karlistadak foruen eta euskal nortasunaren defentsarako borroka biziak izan ziren. Lehen Karlistaldian Debagoinean gertatutakoa oso interesgarria iruditu zait beti eta gaur, Antzuolako Laborda anaiei buruz idatzi nahi dizuet. Garai hartan, karlista izatea ez zen soilik tradizioaren, foruen eta monarkia absolutuaren aldeko hautu politikoa, liberalismoaren erreforma zentralizatzailei aurre egiteko modu bat zen. Eta, Laborda anaiak, merkatariak eta larru-ontzaileak izan arren, karlisten alde egin zuten apustu.

Laborda anaien hornigaiak

Domingo eta Guillermo Laborda Kanbo-tik mugitu ziren Antzuolara XIX. mendean. Antzuolako larru-ontzaile ziren Laborda anaiak eta Lehen Karlistaldia amaitzean 4.000 zapata pare baino gehiago eta 350 kartutxera inguru izan zituzten euren esku artean. Hasiera batean egoerak susmoak piztu zituen arren, gerora argitu zenez, hornigai militar horiek legearen barruan zeuden. Domingok berak Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi zion izakin horien berri, matxinoentzat erabilgarriak izan zitezkeelakoan, baina Aldundiak ez zuen inolako erabakirik hartu, ezta erantzunik eman ere.

Merkataritza asmoak eta zailtasunak

Artisau hauen asmoa zapata partida hori Gasteizera eramatea zen, han saldu ahal izateko. Bitartean, militarrek herriz herri armada jantziak biltzeko agindua zabaldu zutenean, Labordatarrek agintarien aurrean aurkeztu zituzten beren izakinak. Gerraosteko testuinguru nahasian, larru-ontzaileen jarduera susmagarria izan zitekeen, nahiz eta haien lana erabat beharrezkoa izan karlisten zein liberalen armadak hornitzeko. Izan ere, soldaduen oinetakoak funtsezkoak ziren gerran: oinak zaintzea eta lubaki oinei aurre egitea bezain garrantzitsua zen estrategia edota armamentua lantzea, bereziki mendiz betetako euskal lurretan borrokan.

Kasuaren ebazpena

Azkenean, Bergarako komandante militarrak agindutako ikerketaren ondoren, frogatu zen Labordatarrek ez zutela legez kanpoko hornigairik gordetzen, eta zapata horiek legitimoki zituztela salerosketarako. Antzuolako larru-ontzaileen kasu honek erakusten digu zein konplexua zen merkataritza-jarduera gerraondoko Euskal Herrian. Agintari zibil eta militarren arteko komunikazio faltak eta garai nahasian zuhurtziaz jokatzeko beharrak, maiz, susmo eta zalantza giroa sortzen zuten artisauen jardueran.

Gaur egun, Laborda anaien lanbidea eta beraien antzeko artisauen ekarpena aintzat hartzea ezinbestekoa da, euskal industriaren oinarriak finkatu baitzituzten, beren ezagutza teknikoa eta tradizioa ondorengoei helaraziz. Eta familia karlista izandako hura, beste askok bezala pixkanaka-pixkanaka merkataritzak sistema liberalak eskaintzen zizkien onurez baliatzen joan ziren. Bizitzaren kontuak, "necessitas vivendi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak