Altzairu finaren ekoizpena ahaztean

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2025ko mai. 6a, 11:36

Duela 430 urte Lope de Eliok Felipe II.ari zuzendutako gutun garrantzitsu bat irakurtzen nabil. Dokumentu horrek Mondragon altzairu finaren gainbehera kontatzen digu, eta bere hitzetan, industria-iraultza txiki bat izan zela esan dezakegu, baina kasu horretan, txarrerako.

Lope de Elio Nafarroako jatorria zuen militar eta administrari gisa jardun zuen XVI. mendean. Erregearentzat armagintza ikuskatzaile gisa lan egin zuen Soraluzen, eta bertatik idatzi zuen aipatutako gutuna. Kontuan izan behar dugu Soraluze garai hartan Europako armagintza gune garrantzitsuenetarikoa zela, eta Elio erregearen ordezkaria zela herri horretan. Haren ardura zen armen kalitatea bermatzea eta, hain zuzen ere, kezka horregatik idatzi zion erregeari, altzairu finaren ordez acerillo delako materiala gero eta gehiago erabiltzen ari zela salatuz.

Mondragoeko altxorra: altzairu fina

Eliorentzat eta garaiko altzairugile-maisuenetzat, Mondragon altzairu fina altxor bat zen. Mende luzez, tenazeroek (altzairu finaren maisuak) raya hundida deitzen zuten mineral berezia lantzen zuten Mondragoen, munduko altzairurik onenetarikoa sortuz. Prozesua konplexua zen: hasieran 120 librako masa bat sortzen zuten mineral puruz, eta ondoren, maisuek lan eta esfortzu handiz, altzairu sendo eta kalitatezkoa lortzen zuten.

Baina XVI. mendearen amaieran, ordea, acerillo izeneko material berri bat zabaltzen hasi zen, merkeagoa eta lantzeko errazagoa zena. Eliorentzat eta altzairugile-maisuentzat, hau ez zen benetako altzairua, baizik eta burdin gordina findu gabea, kalitate eskasekoa. Hala ere, Espainia osoan saltzen zen Mondragon altzairu fin gisa, iruzurra eginez eta jatorrizko produktuaren ospea hondatuz.

Industria tradizionalaren gainbehera

Elioren gutunean irakur dezakegunez, ondorioak lazgarriak izan ziren. Herrian, XVI. mende amaieran, altzairu fina lantzeko berrogeita hamar burdinola izatetik, hamalaura pasa ziren. Bizkaian ere, hiru edo lau burdinola besterik ez ziren geratzen. Maisuek ohartarazi zioten erregeari, neurriak hartzen ez bazituen, belaunaldi bakarrean tenazero ofizioa guztiz galduko zela. Tamalez, Felipe II.aren gobernuak ez zuen eskaera kontuan hartu, eta aurreikuspenek egi bihurtu ziren. Tenazero-maisuak desagertu ziren, eta haiekin batera Mondragon altzairu fina lantzeko jakintza. Ondorioz, Espainia osoko (penintsulako eta Ameriko lurraldeetan) langintza eta ofizioetan erabiltzen ziren tresna eta erremintak kalitate eskasekoak bihurtu ziren: mailuak erraz hausten ziren, ingudeak hondatzen ziren, aizkora eta zerrak etengabe zorroztu behar ziren.

Jakintzaren balioa eta ondarea berreskuratzea

Elioren gutunaren oihartzunak gogorarazten digu iraganeko jakintza eta trebeziak zaintzearen ezinbestekotasuna, etorkizuneko aurrerapausoak bermatzeko. Gure eskualdeak, mendeetan zehar kalitate handiko altzairuaren erdigune izan denak, ondare industrial aberatsa gordetzen du. Altzairugintzaren tradizioak eta horren inguruko ezagutza teknologikoak gure nortasunaren eta balioen parte dira. Horregatik, funtsezkoa da historia hori ezagutzea, bertatik ikastea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea.

Espazio publikoak sortzea, non iragan industrial oparoa bildu, erakutsi eta hezi dezakegun, ezinbesteko urratsa litzateke gure ondarea babesteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko inspirazio-iturri berriak aurkitzeko. Debagoienako biztanleok gure historia arakatzera gonbidatuta gaude, agian, lehengo altxorren antzeko berrikuntzak topatuko baititugu etorkizuneko belaunaldien mesederako. Eta gure politikariek, Felipe II.aren kontrara, gizarteak bidaltzen dituen mezuak entzun behar dituzte, gure ezagutza teknikoa berriro ez galtzeko eta gure industria-ekoizpenean beherakada berriz ez gertatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak