Euskal kulturan heztea: etorkizun hurbilerako erronka

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2024ko mar. 16a, 00:07

Euskara, euskalduon aberriaren arima da. Gure hizkuntza euskal-kulturaren funtsezko elementua izateaz gain tresna ezin hobea da belaunaldi berriei gizarte gisa ditugun balioak transmititzeko. Euskal-kulturan heztean iragana zaintzen dugu eta, batez ere belaunaldi berrientzat etorkizun inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen dugu. Guztioi: gurasoei, hezitzaileei, erakundeei eta, oro har, gizarteari dagokigu geroa euskaldunagoa bihurtzea.

Euskal Herriak, munduko beste herrialde askok bezala, aldaketa demografiko esanguratsu bati egin behar dio aurre: bertako biztanleen jaiotza-tasaren jaitsierari eta guraso migratzaileen seme-alaben gorakadari. Kulturaniztun hori ikasgeletan islatzen da, gero eta familia migratzaileetako haur gehiago baitaude. Errealitate sozial berri horrek erronka bat azaleratzen digu: nola hezi ditzakegu belaunaldi berriak euskal-kulturan, haien jatorriaren aniztasuna kontuan hartuta eta errespetatuta?

Erantzuna argia da: bertako familien eta familia migratzaileen haurren artean sozializazioa sustatzen, euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabiliz. Gure hizkuntzarekin haur guztiak integratuta sentituko diren espazio komun bat sortu dezakegu. Gainera euskara ikastean, lagunekin komunikatzeko aukera emateaz gain, kultura eta historia ondare aberats bati ateak irekiko dizkie gure haur guztiei. 

Hori lortzeko, beharrezkoak dira:

  • Euskara eskoletan bultzatzea, bertako zein kanpoko neska-mutilen mesederako.
  • Eskolaz kanpoko jarduerak eta euskarazko kultur ekitaldiak antolatzea, haurrek elkarrekin modu naturalean erlazionatu daitezen eta familia guztien parte-hartzea sustatu dadin.

Euskalduntze prozesu horretan, euskaltegien lana funtsezkoa da. Euskaltegietako erabiltzaile diren familia migranteak euskal gizartean errazago integratzen dira eta beraien haurrak euskara ikasi eta gure herriko kulturan, bertako haurren baldintza berdinetan, hezten dira. Era berean, elkarteek oso lan garrantzitsua egiten dute txikienen artean euskara sustatzeko. Irudimen handiz eta jarduera ludiko eta kulturalen bidez, umeak modu dibertigarri eta erakargarrian euskalduntzen dituzte. Eta gaur, batez ere, Korrikak euskalduntasunaren kohesioaren ikur gisa duen garrantzia azpimarratu nahi dut. Bi urtean behin Euskal Herri osoa zeharkatzen duen herri lasterketa honek euskarari eta gure kulturari balioa ematen die, eta euskal arima kementsu bultzatzen duten adin eta jatorri guztietako pertsonak batzen ditu. Azpimarratzekoa da ekintza gutxi bezala batzen gaituela Korrikak, eta erakusten digu elkarrekin lan egiten badugu ziurta dezakegula hurrengo belaunaldietan euskal-kulturak bizi-bizirik jarraituko duela eta euskara euskaldun guztien komunikazio lotura izango dela. Ez dezagun denborarik galdu etorkizuna sortzeko, korrika eta presaka jarri euskara zure ahoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak