Berrogeita hamar urteko "EXODOA" basamortuan

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2024ko ots. 19a, 10:29

Historialariaren ikuspegitik, argi daukat historia errepikatu egiten dela eta protagonistak bakarrik aldatzen direla. Basamortuan napal eta fosforo zurien bonbardaketak imajinatzen baditugu, helikopteroetatik jaurtitako edo bizirik lurperatutako pertsonengan pentsatzen badugu, errepresio basati batean pentsatzen badugu, bizilekua bortxatuz, egoilarrak atxilotuz eta etengabe torturatuz, zein aurpegi datorkizue burura?

Zuetako askok izen bat jarriko diozue herri horri, eta ez dut uste, egungo egoera geopolitikoarekin, benetako protagonistarengan pentsatuko duzuenik: Saharar herriarengan.

Iturri gisa 1974ko Espainiako biztanleriaren errolda hartuta, badakigu duela berrogeita hamar urte 73.497 saharar zeudela; horietatik 40.000 1975ean hil ziren, Marokoko goi-agintari militarrek eta zibilek sustatutako genozidioan, 2015eko Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigorrak jasotzen duenaren arabera.

Kristina Berasainek, BERRIA egunkariko nazioarteko arduradunak oso ondo ezagutzen du saharar herriaren errealitatea. Berak badaki Mendebaldeko Saharakoa dela ahaztutako eta isilarazitako gatazka luzea. Sahararren errealitatea harresi luze batek bitan zatitzen du; alde batean errepresioan bizi diren pertsonak, bestean basamortuen basamortuan, iheslariak.

Bihar, otsailaren 20an arratsaldeko 19:00etan Kulturaten, Kristinak berak kontatuko digu urte askotako kazetaritza-kronikaren lanaren emaitza, Sahara herri bat erresistentzian liburuan bildu duena. Berasainena oso argitalpen garrantzitsua da, saharar herriaren errepresioari buruz euskaraz idatzitako lehena, eta ARGIA 2024 saria jaso du prentsa kategorian.

Duda barik, bihar asko ikasiko dugu Kristina Berasainen eskutik!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak