Jaia ardoaren eta lasaikeriaren ospakizun erritua da, txikiteoaren kultura goraipatzen duen bakanal postmodernoa. Eta, tabernaz-taberna txikitoak edatea gizarte patriarkalaren ekintza propio izan da, XIX. mendearen amaieratik XX. mendeara bitartean. Hamarkada luze horietan zehar, emakume zintzoak tabernetatik baztertuak izan ziren ohiturazko arauak zirela medio eta, ostrazismoan gelditzera behartu zituzten, etxean, ileak kizkurtzen.
Kolore beltza
Herriko emakume askok soineko beltza aukeratuko dugu Maritxu egunean kalera irteteko. Aurreko mendean beltzez janzten ziren emakumeak senide batenganako dolua erakusten zuten. Emakume haiek etxean giltzapetu behar ziren eta, haientzat, aisialdia etenda geratzen zen: bi urtetik bost urtera ezkontidearen heriotzagatik, bi urtetik bost urtera seme-alaba baten heriotzagatik, urtebete eta sei hilabete artean gurasoen heriotzagatik, sei hilabete aitona-amonen heriotzagatik. Ez zegoen zinemarik, ez bilerarik, ezta festarik ere. Ez zegoen jendearekin egoterik.
Beltzez janzten ziren dirudunen etxeetan lan egiten zuten neskameak ere. Kolore horretako lan-ehunek ondo kamuflatzen zituzten izerdiaren eta lanaren orbanak. Damek nahiago zituzten pastel koloreko soinekoak, lanean zikintzen ez zirela erakusten zutenak. Jantziak bat zetozen haien maila sozialarekin eta bizimodu oparo eta friboloaren isla ziren.
Eta orduan, duela ia 100 urte, 1926an Coco Chanelek Maritxu Kajoi egunean hainbeste jantzi inspiratu dituen soineko beltza berreskuratu zuen, mahukarik gabea, belaunetik behera zetorkiona, LBD edo little black dress izenarekin mundu mailan ezagutzen dena. Kolore beltzarekin Chanelek gizarte klasista hura lotsarazi nahi izan zuen, eta etiketaren arauak hautsi zituen, mende bat geroago sofistikazio eta dotorezia irudi izaten jarraitzen duen soineko modelo bat ezarriz.
Topa egin
Aurreko mendea konkista sozialen mendea izan zen. Industria-iraultzak emakumea lan-munduan sartzeko beharra ikusi zuen. Lantegietan langileak behar ziren, eta gizonek baino soldata baxuagoa bazuten, hobe.
Lan ordutatik kanpo, eguerdi eta arratsaldeetan, gizonen zaletasun bat txikiteatzea zen. Orain bezala orduan ere, neurri handi batean aisialdia lotuta zegoen alkoholaren kontsumoarekin. Arrasateko langileen alkoholismo tasa oso altua zela pentsa daiteke eta, XX. mende hasieran Felix Aranok, Viteri Eskolako irakasleak, Espainiako Alkoholaren Aurkako Ligako idealei jarraituz edo, agian, Conan Doyleren kontakizunetan inspiratuta, Abstemioen Liga, sortu zuen. Aranok (eta, seguru Teresa Garciak ere) herriko emakumeen eta haien familien bizi-baldintzak hobetu nahi zituen, senar mozkorren erruz jasaten zituzten zailtasun ekonomikoak eta bestelakoak saihesteko.
Emakume langile haiek, etxeko lana aurrera ateratzeaz gain, familiaren ekonomiari laguntzen zioten fabriketan, dendetan eta funtsezko beste zerbitzu batzuetan irabazitako soldatarekin baina, tabernen mundua mugatua zuten. Lanerako bai baina parrandarako ez! Hala ere, errealitatea aldatzen hasi zen. Emakumea lan-munduan sartzeak haien erosteko ahalmena handitzea ekarri zuen. Emakumeek ere kontsumitu zezaketen, eta ostalaritzaren munduko bezero potentzial bihurtu ziren. Aisialdian parte hartzea, berdintasunean, XX. mendeko emakumeek eta mugimendu feministak lortu zuten konkistetako bat izan zen. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen gure aurreko belaunaldien borrokari esker ez dagoela espazio mugaturik, edonor sar daieteke edozein lekutan, baita taberna batean ere eta kontsumitu. Eta horri lotuta, batzutan pentsatu izan dut, aurreko belaunaldietako emakumeak izan al ziren txikiteoa/poteoa salbatu zutenak?
Kezka eta ardura
Eta hemen sortzen da, feminista naizen aldetik, beti planteatu izan dudan zalantza horietako bat. Ahalduntzeak ezarritako gizarte patriarkalaren eredua okupatzea eta eredu horren parte izatea suposatzen zuen? Emakumeok taberna behar al genuen? Duela egun batzuk entzun nuen Arantza Matarekin, EH Bilduko zinegotzi eibartarrarekin, elkarrizketa bat. Bertan, zinegotziak adierazi zuen alkoholaren kontsumoarekin erabat lotuta dagoen aisialdi-eredua sustatzen ari dela. Eta hala uste dut nik ere.
Eta, orain dela hilabete, irailaren 5ean, Euskal Gobernuak onartu zuen 2023-2027 aldirako Adikzioen VIII. Plana. Aurreko zazpiak porrota izan direla pentsa daiteke. Mugimendu feministak, langileok, euskaldunok ekarpenik egin behar al dugu hurrengo belaunaldientzat aisialdi-eredu berriak sortzeko? Maritxu Kajoi egunak beti eramaten nau gai hauetaz hausnartzera. Baina ziur ostiral hontan LBDn jantzita topa egingo dudala, baso bat urez bada ere, nire eskubideen alde borrokatu zutenen alde.