Duela ez asko, lagunekin berriketan ari nintzela, esan nien astebururo neukala plana. Haietako batek, harri eta zur, esan zidan gutxiagorako izango zela. Eta egia da, gidari lanak libre uzten nauten asteburuetan beti aurkitzen dudala zerbait egiteko. Udazkena eta negua turismoan lan gutxi egiten den urtaroak dira, eta ikertu eta eduki berriak sortzeko aprobetxatzen dut.
Egun euritsuetan, hainbat dokumentu historikoren artean murgiltzen naiz, eta museoak, arte-galeriak eta Debagoieneko herrien historiari lotutako lekuak bisitatzen ditut, batez ere Arrasateri lotutakoak. Gustoko dut nondik gatozen jakitea, batzutan konplikatua den arren. Eta gauzak konplikatzen direnean eta amore emateko gogoa pizten zaidanean, txikitan esaten zidaten esaldi batean pentsatzen dut: "Konstantziaz lortzen da nahi duzuna” Eta, orain, egia dela esan dezaket.
Konstantzia funtsezkoa da Arrasateko pertsonaien biografien puzzlea osatzeko. Eta puzzle horiek amaitzen doazen heinean, gure historiako eraikina altxatzen doa. Aro Modernoan familia-harremanak zein ondo ehunduta zeuden erakusten duen historia. Gainera zenbat eta sakonago ikertu, orduan eta kontzienteago naiz familia enpresa-gunea zela, ezkontza-kontratuaren inguruan egituratutako.
Orain dala zortzi urte inguru, garai hartako ezkontza-kontratu bati lotutako artxibo-espedientea bat irakurtzen, dokumentu bat aurkitu nuen, non XVI. eta XVII. mendeen artean jaiotako herriko biztanle ospetsu batzuen ondasunei buruzko datu bitxiak aipatzen ziren. Bertan zenbatzen ziren zetazko izarak, larruzko berokiak, Amerikako zilarrez landutako objektuak, oihal ingelesa, lentzeria frantsesa eta erretratuak. Eta hori izan zen ikerketa berri bat abian jartzeko tiratu behar nuen haria.
Barroko hispaniarreko artistentzat posatu zuen pertsonaia horietako bat, Austriarren etxeko azken erregearen erregealdian, Karlos II.aren erregealdian, kargu garrantzitsuak izan zituen gortesau ospetsu bat izan zen; Juan de Andicano Monterrongo lehen kondea. Joan-etorri askoren ondoren, Europako hainbat hirietara bidaiatu eta gero eta era guztietako lekuetara bisitak egin ondoren, azkenik, Juan de Andicanoren erretratua aurkitu dut eta, behingoz, Arrasateko bisita gidatuetan aipatzen dudan pertsonaietako bati aurpegia jarri diot. Zuek ere ezagutu nahi duzue 1629 eta 1691 artean bizi izan zen mondragoetar hori? Bada, animatzen zaituztet feeleuskadi blogean argitaratu dudan post berria irakurtzera.