Eta, horregatik, iluntzean, paper zahar horiei heldu eta, detektibeak bezala, arrastoak bilatzen ditut kontsultatu beharreko hurrengo dokumentua non aurkitu daitekeen argitzeko.
Metodologia horri esker nire ikerketa historikoek aurre egiten dute, poliki, baina etengabe. Eta, bitartean, burua trebatzen dut, paleografia zientziari esker XV eta XX. mendeen arteko testuak transkribatzen ditudanean.
Letra korapilotsu eta bihurri horiek irakurtzeagatik, dagoeneko, desberdintzen ditut Juan Gonzalez de Salcedo eskribauak idatzitako testuak Lucas de Elorduyk idatzitakoengatik. Badakit non eta noiz gertatu ziren, Debagoiena eszena-toki izan zuten, armaden arteko bataila odoltsuenak. Kontatu dezaket zein eraikinetan erabili zen san Antolin harrobiko harria eta zeinetan Galarrakoa. Eta, kokatu ditzaket Mugaibe eta Ubola toponimoak egungo Arrasateko edo Bergarako mapan.
Gure historiarekiko jakin-min horrek artxibo pribatu eta publikoak kontsultatzera eraman nau, Euskal Herrian eta, baita, Europan, Amerikan eta Asian ere. Eta, guzti hori, mezenas bat aurkitu arte, autofinantzatzen dut, bisitariei kalitatezko edukia eskaintzeko, Iraganeko Oinatzak Elkartearentzat Arrasaten eta Bergaran burutzen ditudan bisita gidatuetan.
Baina, badakizue, sekretuak isilpean gordetzea konplikatua izaten da batzuetan eta, nik nahiago dut gure eskualdeko sekretu horiek zuekin partekatzea. Beraz, animatzen zaituztet nirekin edo, Iraganeko Oinatzak Jakintza eta Zientzia Elkarteko beste taldekideekin, Bergara, Arrasate edo eskualdeko beste herriak ezagutzera. Eta bisita gidatua amaitzean, argi daukat, lagunekin elkartzen zaretenean gauza interesgarri pila izango dituzuela kontatzeko.