Badirudi azken urteotan izan diren liskar eta marmarrak zertxobait baretu direla.
Balkoietako zintzilikario horiek ikusita burutazio tristeak sortzen zaizkit. Bakoitzak, etxeko sukaldean sortzen ditugun zaborrak nahi dugun bezala botaz gero, zenbat urte edo mende iraun dezake gure bizilekua den lurrak osasuntsu? Jakintsuek egindako ikerketek ez al digute aski frogatzen horrela jarraituz bizileku hau jasan ezina bihurtuko zaigula?
Ulertzen dut sortzen ditugun zaborrak birziklatzeko bitarteko bat baino gehiago erabil daitekeela, baina "nik beti egin dudana egingo dut" askori entzuten zaio. Bilboko alkateak (G.B.) Artxandako hondakinen tratamendurako eraikina inauguratu zenean esan zuen "hemendik aurrera etxeko zaborrak sartu poltsan eta jaurti ardura gabe zabor ontzietara, ez albokoak –gipuzkoarrak– dabiltzan bezala". Munduko alkate onena izendatua izan zen.
Aste honetan albiste on batek gozatu du gure gosaria. Gipuzkoa urte amaieran %45eko birziklatze mailara iritsiko da. 2016an, %60koa lortuko omen da. Gauzak horrela, zergatik, adibidez, trabak ipini Tratamendu Mekaniko Biologikoaren Instalazioari? Zergatik zapuztu nahi du oposizioak premiazkoa den ekintza? Etorkizuna jokoan dagoenean alderdikeriak antzuak ez ezik miserableak dira.