"Datuen konparaketa argigarria"

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Osa Gomez 2013ko mar. 24a, 01:00

Gaur egun Debagoienean hondakinak biltzeko dauden hiru sistema ezberdinei buruzko...

... Mankomunitatearen datu ofizialak publiko egin dira, eta, argigarriak iruditzen zaizkigunez, aipatu egin nahi ditugu. 

1-Bergara (lau edukiontziren sistema): 2008an zabor nahasia %75,81 eta gaika jasotzen zena %24,19; 2012an zabor nahasia %74,07 eta gaika jasotzen zena %25,93.

2-Aretxabaletan (bost edukiontziren sistemarekin): 2008an zabor nahasia %76,77 eta gaika jasotzen zena %23,23; 2012an zabor nahasia %72,79 eta gaika jasotzen zena %27,21.

3) Antzuolan (atez ateko sistemarekin): 2008an zabor nahasia %78,45 eta gaika jasotzen zena %21,55; 2012an birziklatzeko jaso ezin daitekeen errefusa %13,46 eta gaika jasotzen zena %86,54.

2012an hondakinen %86 gaika jaso dute eta %14 besterik ez da izan izan errefusa. Antzuolako Udalak eta Hondakinen Jarraipen Batzordeak aipatu dute datu horiek oso positiboak direla. 2010ean errefusa (edo zabor nahasia) %75 izatetik 2012an %14 izatera pasa da.

Europatik ere laudorioak jaso ditu Antzuolako hondakinak biltzeko atez ateko sistemak. Europako Eskualdeetako Lantaldeak eta Europako Batzordeak Ecologic Institute erakundeari enkargatu diote Europa mailan hondakinei dagokienez martxan dauden "praktika onak" identifikatzeko. Ecologic Institutek, Espainiako Estatuaren kasuan, autonomia erkidego guztietako ekimenak aztertu ditu eta zera ondorioztatu dute: "Ekimenik nabarmenena, eraginkorrena eta berritzaileena Debagoieneko Mankomunitateak hondakinak atez ate biltzeko egin duen apustua dela". Antzuolako sistema "praktika onen eredu gisa" aurkeztu dute. Baten batzuek, behintzat, kontuan hartzen dute gauzak ondo egiteko borondatea eta ahalegina.

Antzuolak erakutsi du hondakinak modu eraginkor eta txukunean bildu daitezkeela. Zorionak, Antzuola, zuen bigarren urtemugan! Orain beste herrien txanda da: Oñati, Bergara, Gatzaga, Aretxabaleta, Eskoriatza, Arrasate... Animo, guztioi.

--------------------

Amaia Osa Gomez 

(Debagoiena Zero Zabor-en izenean)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak