Tamalez, Debagoieneko alde zaharrak behera egiten dabiltza, pixkanaka-pixkanaka, hainbat faktoreren ondorioz. Horrela, begi-bistakoa da gaur egungo beharretara egokitzeko arazo sozial eta funtzionala erakusten dabiltzala. Adibidez, gure alde zaharrak duela 150 urte hartutako argazkietan agertzen diren etxe zaharrez beterik daude; gehienak utzirik eta egora tamalgarrian daude.
Gure alde zaharren hondoratzea ez da hirigintza kontua soilik; izan ere, hondoratze horrek kultura-nortasuna galtzea ere badakarkigu, aldi berean.
Gogoan daukat beste herri batzuetan, dela Espainiako Estatuan, dela atzerrian, formula arrakastatsuak aurkitu izan dituztela alde zaharrak biziberritzeko, gure herrietarako baliagarriak izan daitezkeenak.
Aurtengo urte hasieran, La Mercedeko etxekidetza (cohousing-a) proiektuarentzat dirulaguntza lortzeko asmoarekin, Europako Batasuneko Etxebizitza komisario berri Dan Jorgenseni idatzi nion. Edukazio handiz, idatzietako erantzunean Dan Jorgensenek baieztatu egin zidan aurten La Mercedeko antzerako proiektuentzat funts bereziak egongo direla, eta, era berean, beste argibide osagarri batzuk eskaini zizkidan. Besteak beste, Dan Jorgensenek adierazi zidan alde zaharrak berreskuratzeko dirulaguntza zehatzak egongo direla Europako funtsen bitartez. Horretarako, sei edo zazpi herrik elkartuko beharko lukete zaharberritze-proiektu amankomuna garatzeko.
Kontuan izanda Debagoiena zortzi herrik osatzen dutela eta, era berean, alkatetza guztiak alderdi beraren eskuetan daudela, logikoa izan daiteke pentsatzea aukerak izango genituzkeela Europako Batasunari gure alde zaharren egoera tamalgarria zuzentzeko proiektu egoki bat aurkezteko.