ChatGPTren eta antzerako sistemen berri izan nuen han. Sistema horiek milioika testutatik ateratako jakintzan oinarritzen dira.
Informatikariek halako sistemei adimen artifiziala baderitzote ere, matematikariek diote estatistika aurreratua besterik ez dela. Izan ere, haren emaria probabilitateetan oinarritzen da.
Irakasleak adierazi zigun etorkizunean sistema horiek erantzun are hobeagoa emango digutela. Nik, berriz, adierazi nion euskarari dagokionez ez dela halakorik gertatuko; alegia, etorkizunean euskaraz sortuko diren testuak kalitate txarragokoak izango direnez, adimen artifizialeko sistemak euskal testu txarragoak eskainiko dizkigula.
Horren zergatia erraza da ulertzeko: euskaran adituak direnek maiz azaldu dute zeintzuk diren euskal hiztun bat bere hizkuntza galtzen dabilen adierazle nagusiak: aditzen orainaren futurizazioa, aditz subjuntiboen galera eta, azken batean, euskara gaztelaniazko hitzen euskal deklinazio huts bihurtzea.
Hori guztia garbi azaltzen da Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen itzultzaile neuronalak ematen dituen itzulpenetan. Milaka testu garaikideren estatistikan oinarritzen denez, haren itzulpenetan itzultzaile neuronalak euskararen galeraren adierazle garbiak agertzen ditu.
Beraz, euskararen eta adimen artifizialaren etorkizuneko uztarketa jatorra ez litzateke euskal hiztun arruntaren eskalanoinarritu behar. Bestela esanda, adimen artifizialerako hizkuntza nagusiek erabiliko duten estrategia ez da euskararentzat baliagarria izango; beraz, gure estrategia propioa garatu beharko genuke.
Horretan, besteak beste, aukera garbietako bat da azken 40 urteetan Euskadiko udaletako itzultzaileek sortutako euskara-erdara aldibereko milioika itzulpenak erabiltzea.