Bidaiariak eragindako burutapenak

Duela aste batzuk, Jaurlaritzara joan nintzen bilera batera.

Handik itzultzeko, Landako bide zaharra aukeratu nuen. Bidean zaparrada handia bota zuen. Landako Casablancatabernaren bidegurutzean, euripean, gizon bat ikusi nuen autostop egiten. Haren egoera ikusita, autoan hartzea erabaki nuen.

Handik aurrera, zur eta lur utzi ninduen gizon haren egoerak. Gizona bizkaitarra zen eta duela aste batzuk lehenago banketxeak etxea kendu omen zion. Itxura denez, urte batzuk lehenago, lan egiten zuen enpresak pot egin zuen, eta, geroztik, langabezia-babes laguntza erabat erabilita zeukan. Horretaz gain, gurasoak eta anai-arreba guztiak hilik zeuzkan.

Ondorioz, haren herriko udalera jo zuen ongizate-babesa eskuratzeko asmoz; bereziki, gizarteratzeko gutxieneko laguntzadeitzen dena lortu nahian. Laguntza horren prozedura-epeak gutxienez hilabete irauten omen du, eta, bitartean, non eta zertatik bizi?

Kontua da Euskadiko aterpetxeetan aldiko hiru egun besterik ezin dela eman. Beraz, gure bizkaitarra hiru egunez behin beste herri bateko aterpetxera joana beharra zeukan. Horrela zebilen, herriz herri, Euskadi osoa igaroz. Gasteizera iritsirik, ez zuen tokirik aurkitu aterpetxean, eta bi egun zeraman baraurik eta kalean lo eginez.

Arrasatera iritsi eta, dirulaguntza eman ondoren, San Prudentzioko bidegurutzean utzi nuen bizkaitarra. 

Bulegoko nire lankideei aipatu nien gertatutakoa eta bi iritzi jaso nuen. Batzuek hau ziostaten: gizon hark zer egingo ote zuen halako egoera merezi izateko; beste batzuek, berriz, zioten Euskadin halakorik nola gertu ote daitekeen.

Horretaz gain, Schumpeter ekonomialariak zioen gogoeta hau etorri zitzaidan burura: gure aberastasuna betirako izan daitekeela ematen du, baina ez da horrela izango!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak