Gure alde zaharren egoera

Duela hilabete batzuk, Argentinan bizi den gure ahaide bat etorri zen Arrasatera bisita egitera.

Besteak beste, Arrasateko alde zaharrean txango bat egin nuen harekin batera. Aitortu behar dut zenbait unetan lotsa izan nuela gure alde zaharreko kale batzuetatik igarotzean. 

Izan ere, zenbat etxe zahar eta denda itxi dauzkagun! Nire ahaidea horretaz ohartu zela konturatu nintzen, nahiz ez zidan ezer adierazi.

Arrasateko alde zaharra duela 150 urte hartutako argazkietan agertzen diren etxe zaharrez beteta dago; gehienak utzita eta egora tamalgarrian daudenak.

Bestalde, bai Interneteko erosketen eraginez, bai dendari nagusien erretiroagatik, zein Gasteizko denden indarren lehiaren eraginez, denda ugari itxita daude. Eta, gainera, joera hori areagotu egingo da datozen urteetan. Gogoratu dezagun, esate baterako, Finlandian jada hemen baino hiru aldiz denda gutxiago geratzen direla. 

Gure alde zaharren alde zerbait egin beharra dago!

Gogoan daukat beste herri batzuetan, dela Espainiako Estatuan, dela atzerrian, formula arrakastatsuak aurkitu izan dituztela eta gure herrirako baliagarriak izan daitezkeela; adibidez, itxitako dendak eta etxeak gazteentzako apartamentu bilakatzea, diseinu zaindua bermatuz. Zaragoza da politika horren adierazle gertukoa.

Atzerrian, berriz, administrazio publikoaren indarra eta eraikitzaile txikien lana uztartzen dituzten bideak erabili izan dira. Alegia, udalak, euren lege-indarra erabiliz, etxe zaharren jabegoa eskuratzen saiatzen dira, eta, ondoren, enpresa eraikitzaile txikiei aukera ematen diete etxebizitza horiek birgaitu eta hornitu ondoren salgai jartzeko.

Ziur naiz horretan jarriz gero urte batzuen ondoren ez nukeela lotsarik izango Argentinan bizi den gure ahaidea berriz ere gugana itzuliko balitz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak