Ordenagailu kuantikoa

IBMren eskutik euskal administrazioek 120 milioi euro inbertituko dituzte Donostian ezarriko den ordenagailu kuantikoan.

Diru kopuru hori ez da txantxakoa. Izan ere, aurten Eusko Jaurlaritzak 90 milioi bideratu ditu Euskadiko enpresa guztien ikerkuntza-lanei laguntzeko.

Kalkulu kuantikoaren bertute handiena azkartasuna izango omen da. Adituen esanetan, 2027ra arte ez da kalkulu kuantikoaren erabilpen komertzial jatorrik ikusiko.

Azkartasuna bertute ona da, baina ez da nahikoa. Frantzian, De Gaulle presidentea zela, bi hegazkin garatzeko programak abian jarri ziren: bata, Concorde, oso azkarra eta aberatsentzat; bestea, Airbus, hegazkin arrunta, jende arruntarentzat bideratuko zena.

Concordek hiru hegazkin besterik ez zuen saldu; Airbusek, berriz, 12.000 hegazkin ekoiztu ditu, eta 120.000 laguni lan eman. 

Ameriketako Estatu Batuetan garai bateko informatikako izar izan ziren Digital eta Sun enpresek porrot egin zuten, mikroprozesadore azkarrenak eskaintzen ari zirela. Pikutara joan ziren, merkatu handienek PC geldo eta arruntetara jo zutenean. Kontua ez da produktua azkarra izatea, baizik eta jende arruntak erabiltzea.

Gaur egun, prozesadore azkar ugari dago, baina Microsoftek, IBMk eta Amazonek bideojokoetarako zein PCetarako sortutako prozesadoretan oinarritzen dituzte euren Datuak Prozesatzeko Zentroak, eta, gainera, sistema horiek gabe ez dute inolako lanik izaten.

Berrikuntzaren historiak erakusten digu aberri aurreratuenek arrakasta izan dutela gazteak kanpoko unibertsitate aurreratuetara bidaliz eta ekintzailetasunean oinarrituta. 

Hala, euskal administrazioen 120 miloi euroko inbertsioak zientzia politika baino gehiago, loteria-apustua ematen du. Halere, dirudun handienei ere ez litzaieke bururatuko 120 milioi euro loteria-zenbaki bakar baten inbertitzea!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak