Neuri buruari maiz galdetzen diot Ukrainaren egoera berberean egongo bagina guk, euskaldunok, zer egingo ote genukeen; haiek behar besteko gogorrak izango ote ginen.
Ez dago jakiterik, baina, tamalez, zenbait adierazlek erakusten digute euskaldunon izaera bigunduaz doala.
Lehenik eta behin, gure hizkuntzari dagokionez, Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat soilik aritzen da euskaraz: %12,6.
Ikerkuntza-inbertsioari dagokionez, berriz, Europako lurralde aurreratuekiko oso atzera gabiltza, barne produktu gordinaren (BPG) %2,08 besterik ez dugu-eta erabiltzen. Europar Batasunean, aldiz, barneko I+Gko gastua haren BPGren %2,23koa da; Suedia da aitzindaria: %3,35.
Bestalde, mundu osoan ekintzailetasuna neurtzen duen GEM estatistikan berriz ere atzera egin du Euskadik eta Estatuko batezbestekoaren azpitik dago.
Hezkuntza-ikasketen ondorioak neurtzen dituen PISA sailkapenean OCDE osatzen duten 38 aberrien batezbestekoaren azpitik sailkatzen gara.
Energia berriztagarriei dagokienez, Euskadiko energia berriztagarrien erabilera Estatuaren batezbestekoaren azpitik dago eta energia fotovoltaikoaren erabilpenari dagokionez Estatuko azkena da.
Azkenik, Euskadik 2022ko hirugarren hiruhilekoan izan zuen Estatuko absentismo-tasarik altuena: %9,8; alegia, gure langileria da Estatu osoan lanean kale handien egiten dabilena.
Euskaldunok geure burua saiatutzat eman izan ohi dugu betidanik. Beraz, nola agertu gaitezke hain atzean sailkapen horietan guztietan?
Ondorioz, galdera berbera datorkit burura behin eta berriro: Euskal Herria herri biguna ote da?