Euskal emaria munduari

Duela urte batzuk, italiar batek zera galdetu zidan: "Zein izan da euskal emaria munduari?".

Galdera osatu zuen italiarrek zibilizazio unibertsalari egin izan dioten ekarpenarekin, eta izen hauek aipatu zituen: Erroma, latina, Marco Polo, Galileo, Leonardo da Vinci, Miguel Angel, Rafael, Vivaldi, Verdi, Frantzisko Asiskoa, Enzo Ferrari, Umberto Eco eta abar.

2000. urtean, Mark Kurlansky idazle amerikarrak Basque History of the World liburua idatzi zuen, euskaldunek munduari egindako ekarpenaz. 

Geroztik, Amerikatik, Erresuma Batutik eta Australiatik gugana datozenek Mark Kurlanskyren liburua irakurtzen dute, euskal historiara eta gizartera hurbiltzeko asmoz. 

Arrasaten egingo diren argazki erakusketa bat eta hitzaldi-sorta bat prestatzen aritu naiz: Euskal Emaria Munduari - Basque History of the World (II).

Euskal Emaria Munduari erakusketak ezin du Euskal Herriaren, haren kulturaren edo euskal gizartearen garapenaren historia osoa jaso, euskaldunek munduari eginiko ekarpen batzuei buruzko lehen erreferentziak baizik, bai eta Euskal Herrian jaiotako edo euskal diasporaren ondorio izan diren pertsonaiei buruzkoak.

Gai hauek lantzen dira erakusketan: balearen arrantza Amerikan; euskal marinelak, konkistatzaileak eta gerrariak. Musikari, arte ederrei eta modari egindako emaria. Euskal diaspora eta euskaldunen ondorengo pertsona ospetsuak.

Iruditzen zait gutxik dakitela pertsona ospetsu hauek euskal jatorria zeukatela: ​Pancho Villa, Che Guevara, Evita Peron, Salvador Allende, Gabriela Mistral, Pablo Neruda eta Atahualpa Yupanqui.

Lan hau nire aurka itzuli da bumeran bat bezala. Izan ere, galdera hauek kolpatu naute: "Zer da, gaur egun, euskalduna izatea?"; "Zerk bereizten gaitu euskaldunok gaur egun?"; eta, azkenik, galdera gordinena: "Gure arbasoek egindako lanarekiko duinak izaten al gabiltza?".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak