Ekintza ala eraikuntza?

On Jose Maria Arizmendiarrietaren 41 argazkiz osatutako erakusketa egon da Arrasateko Etxaluze Gizarte Zentroan. Eta testuinguru historikoa eta argazkien edukia azaldu duten hitzaldiak izan dira.

Horietako bat Copreciren sorrerari buruzko hitzaldia izan da, kooperatiba horren bi bultzatzaileren eskutik: Pedro Mendieta eta Josemari Ortubai.

Handia eta mundu osoan hedatuta dagoen kooperatiba hori modu oso apalean jaio zen 1960ean: mahai bat jarri zuten garaje batean eta bertatik bi hilabetez igaro ziren 200 laguni azaldu zieten beraien asmoa. 100 lagunek dirua jarri zuten eta 12 miloi pezeta bildu zuten. Dirutza hori nahiko izan zen lehen lantegia eraiki eta makinak erosteko. Ulgor-eko sorrerarekin batera gure bailaran izan den miraririk nagusietakoa.

Duela gutxi, Basque Culinary Center-ek aditzera eman du eraikin bat egingo duela Donostian, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza gastronomikoa bultzatzeko. Aurrekontua: 26 milioi euro.

Mondragon Unibertsitateak ere adierazi du eraikin bat egingo duela Garaia Berrikuntza Gunean, ekintzailetasuna bultzatzeko.

Ekintzailetasuna beti lotu izan dut ekiteko asmoarekin; horretarako, jakintza, teknologia eta ekiteko ausardia behar dira. Izan liteke ekintzailetasun beste gauza batzuk estaltzeko erabili izana.

Gastronomiari dagokionez, Donostian itxita dagoen taberna, denda eta merkataritzalokal ugari dago jarduera berri bati ekiteko. Eraikin dotore batek ez dakarkio ezer bereizirik ekintzailetasunari.

Gogora ekarriko dut Arizmendiarrietaren esaldi hau: "Hitz hoberena, ekintza bihurtzen dena". Pentsa liteke horren ordez modan jarri dela beste hau: "Hitz hoberena, eraikuntza bihurtzen dena".

Euskaltzaindiari aldaketa hau egitea proposatu beharko genioke: Ekintzailetasuna ordez, Eraikuntzailetasuna jar dezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak