Fit for 55 ekintza-paketea ere aurkeztu da. Bertan, politika publikoak eta erregulazio berriak jaso dira; helburu horiek lortzeko bideak, neurriak eta baliabideak jaso ditu.
Tamalez, Kontuhartzailetzaren arabera, urtez urteko gastu igoera txikiena gertatu da 2000tik hona ikerkuntzaren alorrean. Horretaz gain, txarrena da Estatuak bere aurrekontuetan aurreikusita zeukanetik %48 ez duela erabili. Beraz, esan genezake Pedro Duque ministro-astronauta ez dela Ilargira iritsi, ez astronauta gisa, ez eta ministro bezala.
Euskadiri dagokionez, aspaldiko partez, berri pozgarria izan dugu alor zehatz honetan. Izan ere, Europako Batasunak burutzen duen Eskualdeetako berrikuntzaren ebaluazioa delakoak "Europako lurralde berritzaile indartsuen" artean kokatu gaitu berriz ere, urte askotan atzera egin ondoren. Europako Batasunaren iritziz, aurrera egite horren arrazoi nagusia Euskadiko enpresek ikerkuntza garatzearen alde egiten duten ahaleginean datza.
Europako Batasunaren aburuz, enpresek egiten duten ahaleginarekin kontrajarririk dator, ordea, Euskadiko Administrazio Publikoak ez duela behar beste diru erabiltzen ikerkuntza sustatzen; izan ere, Europako gainetiko administrazioek horretan erabiltzen duten batez besteko diruaren azpitik kokatzen da gurea.
Beraz, estatistika horiek guztiak aztertuz, lehen begiratu batean, ondorio sinple batera iritsi gaitezke: Pedro Duque ministro-astronauta ez da Ilargira iritsi, baina Arantza Tapia ez da ezta Lurretik ere goratu!