Gobernuaren osaera erabakitzean, Arantza Tapiaren eskuetan utzi ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen ardurak.
Gasteizko Subillako auzoan izan litekeen gasarekin lotutako zundaketaren eztabaidan zein Azpeitiko Corrugados enpresaren berpiztearen inguruan sortu den ika-mikan, Arantza Tapiak erakutsi du garapen ekonomikoaren alde erabat lerratzen dabilela.
Tamalez. Izan ere, ingurumenarekin lotutako ekonomia berdea da etorkizunerako lan-lerro nagusi bat aberri aurreratuetan.
Hala, Herbehereetan Rhin ibaiak nahiz Atlantikoko itsaso gaiztoak garai baten sortzen zituzten kalteei aurre egitetik, munduko ur-ingeniaritza aurreratuak irten izan dira. Gaur egun, bere zerbitzuak eguraldi aldaketaren eraginez sortu litezkeen itsas gorakadaz kezkatuta dauden New Yorki eta New Orleansi saltzen ari zaizkie, besteak beste.
Gauza bera gertatzen dabil Danimarkan, non ingurumen legedia estutuz ekonomia berdearekin lotutako jarduera berriak sortu diren eta Txinan salmenta ederrak lortzeko izaten dabiltzan.
Ingurumenarekin lotutako jarduera berriak gure etorkizunetarako zinez garrantzitsuak izango dira. Bi arrazoirengatik: ingurumenaren egoera hobetu behar dugulako eta, beste teknologia batzuekin gertatzen den ez bezala, ingurumen teknologiak eskurago izan genitzakeelako.
Baina ekonomia berdearen alorrean izan genitzakeen aukerak gauzatzeak zera eskatzen du: ingurumenari behar besteko garrantzia ematea, eta ez ohiko politika industrialen menpe jarri. Alegia, Euskadik Greta Thunberg bat behar du!