Bere liburuan, Mariana Mazzucatok Ameriketako Estatu Batuek urte luzetan ikerkuntza alorrean egindako inbertsioen garrantzia azpimarratzen du egunero erabiltzen ditugun honako teknologia hauetan: Internet, GPS, eskuko-telefonoa, eta abar. Aipatu ahaleginei esker AEBak inoiz baino aberatsagoak dira gaur egun. Mariana Mazzucatoren aburuz, aberastasuna sortzeko administrazio publikoek ikerkuntzan egindako inbertsioak areagotu beharko lituzkete, eta, horretaz gain, ekintzaileak izan. Alegia, gobernuek eurek ere euren burua ekintzailetasunean murgildu beharko lukete.
Mariana Mazzucatoren pentsamendu horrekin erabat kontrajarrian dago hemengo administrazioaren jarrera. Izan ere, Estatu osoan administrazioek ikerkuntzara zuzendu duten inbertsioa gutxitu egin da. Hori gutxi balitz, joan den astean jakin genuen iaz Eusko Jaurlaritzak erabili gabe utzi zituela teknologiarako, berrikuntzarako eta ekintzailetasunerako aurreikusita zituen 130 miloi euro.