Liburu luzea da, baina aberatsa. Urrundik ikusita Kaliforniak lortu duen garapen maila mirarigarria dirudi, baina, liburuan agertzen denez, ez dago miraririk, baizik eta urtetako lan sakona.
Aipatu liburutik ikasketa ugari atera daiteke gaur egungo Arrasaterako baliogarriak izan daitezkeenak. Esate baterako, Bigarren Mundu Gerraren amaiera gertu ikusiaz, Estatu Batuetako Franklin D. Roosevelt (1882-1945) presidenteak legedi berezi bat ezarri izan zuen 1945. gerran borrokatzen ari ziren soldaduen etorkizuna prestatzen laguntzeko asmoz. Franklinek honako hau agindu zuen: “nire soldatuetarik inor ez dadila geratu ikasketarik gabe, lanik gabe eta etxerik gabe”
Franklin D. Roosevelt-en legediaren eraginez Kaliforniako unibertsitate nagusienak (Berkeley, Stanford, UCLA) gau eta egun aritu izan ziren, egunean hiru txanda eskainiz, gerratik zentozten soldaduei ikasteko aukera emanez. Ahalegin horretan laguntzeko, gerra aurretik erretiratuta zeuden irakasleak unibertsitatetara itzuli izan ziren berriz ere. Horren eredu honako hau da: Stephen Timoshenko (1878 - 1972), materialen erresistentzia zientziaren sortzailetariko bat, garai hartarako 67 urte zeuzkana, lau urtez goizalde-arte irauten zuen gabeko txandatan 60 gora gazteri erakusten aritu izan zela.
Fagor Elektrogailutako porrotak Kalifornian 1945. urtean egindako ahaleginaren pareko saiakera eskatzen du bertako langileek bizitzarako bigarren aukera izan dezaten. Hari horri muturra atera nahirik On Jose Maria Arizmendiarrietaren esaldi hau dakart: "Libertatea maite duen herriak bere heziketaz arduratu behar du, izan ere ezjakintasunak esklabutzara baitarama"...