Etxea eta familia utzi behar izan zituzten bizitza galtzeko arriskuagatik. Ordurako, ordea, gerraren gordintasuna ezagutu zuten askok. "Bonbak entzuten genituen han eta hemen, sekulako zarata, balak ere ondoan pasatzen ziren, tzut, tzut, tzut…!, beldurrez bizi ginen". Gerrako ume baten testigantza entzun nuen Foru Aldundian egindako ekitaldian. Ume haiek, gaurko aitona-amonak, ihesi ibili ziren ama eta senideekin, aita frontean zegoen bitartean. Atentzioa ematen dit ama nola miresten zuten denek. "Amari esker lortu genuen, amak atera gintuen infernutik, gure ama indar handiko emakumea zen…". Ume hauen lekuan jartzea ez zait erraza egiten, ezta ama horien lekuan ere.
Erbesteratuak izan zirenek familietatik urrun joan behar izan zuten, ezagutzen ez zituzten lurraldeetara, ezjakintasunez beterik, gurasoekin noiz elkartuko ziren ez zekitela… Bonba artean beldurra zer zen ikasi zuten umeak. Haurtzaroa galdu zuten umeak, behar baino azkarrago heldu behar izan zutenak. Asko gerra garaiko oroitzapenak ukatu nahian bizi izan dira, sufrimendua jasanezina zelako.